GARA > Idatzia > Kultura

Eszenak

Eskutitzen dantzaldia

Hamarkada bat bete eta hamaikagarren edizioari ekingo dio Bilboko Dantzaldia jaialdiak igandean, 20.00etan eta Euskalduna jauregian. Bertan, eta bost ikuskizuneko egitaraua irekitzen, iazko Dantza Sari Nazionala lortu zuen Gironako Mal Pelo taldeak «He visto caballos» eszenaratuko du, Maria Muñoz eta Pep Ramisek gidatua.

p047_f01_145x160.jpg

 

Anartz BILBAO | BILBO

Mal Pelo taldeko zuzendari Maria Muñoz eta Pep Ramis bidaian ziren atzo, Marokotik bueltan, eta taldekide duten Eduard Teixidor jatorrak eman zigun gironar konpainia eta “He visto caballos” ikuskizunaren berri.

Oroimenean atzera jota, «Muñoz valentziarrak eta Ramis mallorkarrak, 80ko hamarkadan Bartzelonan elkar ezagutu eta 1989an Mal Pelo sortu zuten Gironan, bien gidaritzapean», azaldu digu Teixidorrek. Izan ere, «zuzendaritza bikoitza izatea da taldearen ezaugarrietako bat, landa eremuan lan egitearekin batera –ez zuten eremu urbanoetan sortu nahi–». Mal Peloko kideen ustez dantza garaikidean, antzerki edo beste esparru artistikoetan bezala, «sorkuntza oso lotuta baitago sortzaileak daraman bizimoduari». Beraz, landa eremuan bizi eta lan egitea bat doaz Ramis eta Muñozen bizitzan, bai gizabanakoaren garapenean, bai beraien ibilbide artistikoan.
Gironako Celra herrixkan etxetxo bat aurkitu eta 1989az geroztik han bizi da taldea eta bertan garatzen ditu ikuskizunak. Gainera, «1997an erabaki ausart bat hartu eta Mas Espolla masia erosi eta eraberritu zuten, taldearen bigarren egitasmoa edo atala jorratzeko, ‘L´animal a l´esquena’».
Mal Pelok beraz, dantza konpainia bezala ikuskizunak sortu eta birak egiten ditu batetik –alde pedagogikoan, liburuak plazaratu, erakusketak antolatu eta besterekin batera– eta sorkuntza zentro bat du bestetik, “L´animal a l´esquena”. Bertan, «beste talde batzuetako kideak biltzen dira urtean zehar, hausnarketa eta eztabaida mintegiak egin, eta batez ere lengoaia artistiko propioak ikertu eta garatzeko (bakoitzak nola ulertzen duen sorkuntza, nola partekatu...)». Laburtuz, «guk ‘Gorputza, sorkuntza eta pentsamendua’ esaten diogu» dio Teixidorrek, «sorkuntza tresna gisa gorputza baita ardatza, eta sortzaile bakoitzak ardatz horren baitan diskurtso intelektual bat garatzen duelako».

Taldelana

Mal Peloko arduradunek ez dute gustuko ‘dantza konpainia’ kontzeptua, «egitura hierarkiko batekin lotuta dagoelako», eta nahiago dute «talde sortzaileaz» aritzea. Puntu honetan, «Muñoz eta Ramis, taldeko zuzendari artistikoak diren arren, dantzari, musikari, eszenografo, argazkilari eta bestez inguratuta dabiltza beti» argitu digu Teixidorrek, «elkarlanerako toki bikaina baita landa eremua».

Zuzendariei dagokionez, «Maria atletismoa landutakoa dugu, eta oso ibilbide fisikoa du, gorputzaren gaineko ezagutza handia; eta Pep berriz, mundu plastikotik dator –musikaria ere bada– eta geroago hasi zen dantzan», zertzeladak emanez marraztu ditu lagunak. «Mariaren lan fisikoagoak eta Pepen lan plastikoagoak, elkartuta, harreman berezia sortzen du, eszenan garbi antzeman daitekeena».

Aipatutako ezaugarriez gain, azken Dantza Sari Nazionalaren irabazleak badute ezberdintzen dituen berezitasun bat. Izan ere, egun talde askok egiten duen arren, Mal Pelo aitzindaria izan zen ikuskizunetan testuen erabileran. «Hasi zirenean, 80ko hamarkadan, oso dantza fisikoa egiten zen, abstraktua, mugimenduan oinarritua. Eta gero, lengoaia gehiago jantzi zaizkio dantzari: bideoa, hitza...». Mal Peloren kasuan, «hastapenetatik landu ditu lengoaia horiek ikuskizunetan. Lehen hamar urteetan hitzak musikarekin batera, soinu bandan zihoazen, eta azken hamarkadetan, testuinguru literarioagoetan. Egun, pertsonaien definizio dramatikoagoarekin, askoz modu narratiboagoan erabiltzen ditugu, horra ezberdintasuna».

Zaldiak ikusi ditut

Gironako dantza taldeak “He visto caballos” ikuskizuna dantzatuko du igandean Euskalduna jauregian (sarrerak 18 euroan dira), eta Dantzaldia jaialdia ireki. Eta “He visto caballos” lanari buruz mintzatzeko John Berger aipatu beharra dugu. «Urte asko dira Muñoz eta Ramisek Bergerren testuak ezagutzen dituztela» argitu digu Teixidorrek. «Mariak, 2002ko bakarkako lan batean, ‘Atrás los ojos’, bere testu batzuk erabili nahi izan zituen, eta bera ezagutzeko parada izan zuen, baimena eskatze aldera. Behin harremanetan jarrita adiskide izatera heldu eta 2006an, ‘Testimoni de llops’ lanean, zuzenean estudiora etorri eta sorkuntza prozesuan parte hartzen du Bergerrek. Hirurek elkarrekin garatzen dituzte testuak, entseguetan».

Dagoeneko hiru lankidetza mota garatu ditu gironar taldeak John Bergerren testuekin. “Atrás los ojos” lanean aspaldi idatzi zituen liburuetako pasarteak erabili zituen gironar taldeak, “Testimoni de llops” lana berriz, elkarlanean garatu zuten, idazlearen parte-hartze aktiboenarekin. Eta honako “He visto caballos” honetan azkenik, garai hartan idazten ari zen liburuko eskuizkribuak igorri zizkien Bergerrek testuak erabil zitzaten, argitaratu aurretik. «Bergerrek badu oso indartsua den zerbait, oso bizi eta zuzena. Hitz gutxitan eta hizkuntza jasoegirik gabe, sugestio mundu batera zaramatza, eta bera irakurtzeak bizipen fisikoa eragiten du oso. Ikaragarrizko inplikazioa erakusten du idazten duen horretan eta irakurtzean eragin egiten du, ezinezkoa da epel gelditzea».

“From A to X” liburuko testua darabiltza “He visto caballos” lanak. «Lan epistolarra da, gutun bidezkoa». Liburuak, «preso edo gatibu dagoen gizon baten eta emakume baten arteko harremana jasotzen du. Eta bitxia da, emakumeak makina bat gutun igortzen dizkio eta gizonak bakarra». Liburutik abiatuta, testu hautaketa bat egin du taldeak, liburua oso mardula baita. Eta tartean, Mahmoud Darwishen olerkiak ere biltzen ditu oholtza gainean. «Johnek lagun-mina zuen poeta palestinarra, joan den udan zendua». Mal Pelok testuak hartu eta dantza sorkuntza garatzeko prozesua azaltzerakoan, «artista ez da mugimenduak ikasi eta dantzatzen dituen partaide bat hemen» ihardetsi digu Teixidorrek, «input bat jaso eta gorputzaren bidez itzultzen duen elementua baino, bere esparruan musikariak, argiztatzaileak, eszenografoak edo Bergerrek egiten duen modura, lan bateratu baten partaide gisa».

Ikuskizun egitura gisa lana «oso konplexua da», Mal Peloko partaideak aitortu digunez. «2007an oso garapen luzea izan zuen laborategian». Pauso guztiak lotuta daude, hizkuntza guztiak etengabe eta aldi berean elkarlanean ari dira, baina «horrek ez dio obrari askatasuna mugatzen».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo