GARA > Idatzia > Mundua

Milioi bat haitiarrek ez dute oraindik inolako laguntzarik jaso

Urtarrilaren 12an Haitin izandako lurrikarak eragindako kaltetuen erdiek, milioi bat pertsona inguruk, ez dute oraindik inolako laguntzarik jaso, AEBetako agintariek onartu dutenez. Horrez gain, Haitiko agintariei utzikeria leporatzen diete bertako biztanleek.

GARA

Haitin izandako lurrikararen ondorioz laguntza behar duten herritarren erdiek, milioi bat inguruk, ez dute oraindik inolako laguntzarik jaso.

«The Washington Post» egunkariak argitaratu zuenez, AEBetako agintariek banatutako elikagaiak milioi bat kaltetuengana iritsi dira. Datuaren alde iluna, beste milioi batek oraindik ez du laguntzarik jaso.

12.000 lagun biltzen dituen Toussaint-L'Ouverture-Boulevard kanpamentuan, adibidez, ez dute oraindik laguntza banatzen duten atzerriko kamioi bakar bat ikusi.

70.000 familiek behin-behineko txabola bat eraikitzeko materiala jaso badute ere, beste 170.000 familiek ez dute horrelakorik lortu.

Egoera honek Haitin egunero protestak izatea ekarri du. Asteartean, adibidez, jendetza elkartu zen Port-au-Prince hiriko polizia-etxearen aurrean, Haitiko Gobernuari laguntza gehiago bidera dezala eskatzeko.

«2004an eta 2007an lanpostuak galdu genituen. Lan bila ibili ginen, baina ez dago ezer. Kalean daudenek ez dute ezer. Ez dute ez edateko urik, ez etxerik. Ume batzuk umezurtz geratu ziren, baina haientzako ere ez dago laguntzarik. Honengatik guztiagatik nago hemen, Rene Preval presidentearen Gobernuari eskatzeko diru laguntzak banatzeko», adierazi zuen manifestari batek.

Ustelkeria

Bestalde, Port-au-Princetik gertuko hiri batean, Petion-Villen, bertako alkate Claire-Lydie Parenti nazioarteko laguntza beretzat hartu eta ondoren saldu izana leporatu zioten mobilizazio batean.

Haiti Press Network webguneak zabaldu zuenez, Parentek arroza lortzeko beharrezkoak diren txartelak eskuratzeko dirua eskatzen zien herritarrei.

umezurtz

Unicefen arabera, haurrek inoiz pairatu duten hondamendirik handiena izaten ari da Haitikoa. Umeak bahitzea leporatu diete AEBetako hamar misiolariri.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo