GARA > Idatzia > Kultura> Musika

Eskandinaviar izotza Kafe Antzokian urtuko dute Backyard Babies eta The Raveonettes-ek

p046_f02_97x92.jpg

A. BILBAO | BILBO

Ez da makala Bilboko Kafe Antzokiak gaur hasi eta datorren osteguna bitarte jasoko duen rock&roll eraso ozena. Gaur, danimarkar The Raveonettes bikote interesgarria izango da bertan, Sune Rose Wagner (gitarra eta ahotsa) eta Sharin Foo (baxua eta ahotsa) musikariek osatua. Egun New Yorketik antolatzen dituzte zuzenekoak, eta «In and Out Of Control» lan dantzagarria aurkeztu berri dute, primerako erantzuna jaso duen lana. Gaua berotzen eta bikoteari bidea irekitzen, The Black Box Revelation belgikar bikotea izango da, «Silver Threats» zuzenean jotzen. (21.30ean, 18/20 euroan).

Larunbatean izotza urtu baino Kafe Antzokia sutan jarriko du Backyard Babies suediar laukoteak -makina bat urte igaro dira aurrenekoz bertan jo zutenetik-.

Hogei urte errepidean

Desagertutako Hellacopters eta berrantolatutako Turbonegro taldeen oldarraldi berean ezagutu genuen Dregen gitarra jotzaile sonatuaren talde bortitza, eta dagoeneko bi hamarkada eman dituztenez jo eta su, ospakizunetan dira. Bilbon, Tracy Gang Pussy bihurriak izango ditu lagun (21.30ean eta 18/22 euroren truke, sarrerak guztiz agortzear ziren atzo).

Behin asteburua igarota, hurrengoa heldu aitzin Biffy Clyro taldeak joko du areto berean. Eskandinaviatik ez baina iparraldetik bai, Eskoziatik dator taldea, eta «Only Revolutions» lana aurkeztuko du Kafe Antzokian (QOTSAko Josh Homme gordinaren kolaborazio eta guzti duen diskoa), aurretik Blakfish eta Nothink taldeek lagundua. Otsailaren 11n izango du hirukoteak hitzordua, 21.00etan eta 17/20 euroren truke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo