ZINEMA
Zinegoak jaialdia sari banaketarekin eta Alaskaren DJ sesio batekin itxiko da bihar
Bederatzi egun iraungo ditu Bilboko Zinegoak gay-lesbo-trans zinema jaialdiak. Gaur eta bihar oraindik bada non aukeratu. Capitol eta Bilborock aretoetan emanaldiak izango dira arratsaldez. Gaurko hitzordu nagusia, ordea, 22.30ean hasiko da Bilborocken, «El show del txistu» deituriko ikuskizun-lehiaketa ospatuko baita. Joaten den orori txilibitu bat emango diote. Proiektatuko dituzten film laburrak gogoko ez dituenak txistua jo behar du eta horrela erabakiko da irabazlea. Bihar ere izango dira proiekzioak eta gauean itxiera gala eta sari banaketa egingo dituzte Guggenheim museoan. Bertan argituko da zein diren zazpigarren edizio honetako film irabazleak. Galaren ondotik, itxiera jaia antolatu dute. Alaska abeslari madrildarra izango da disko-pintxatzen arituko dena museoko atrioan.