GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Marine Pueyo Danso Iruñeko Udaleko hautetsi independentista

Etxez etxeko Laguntza Zerbitzua: negozioa hobetuz?

Zalantza izpirik gabe, egungo nahaspila, zerbitzua hobetu nahian, hainbat alderdi politikok izandako erantzukizun eta koherentzia ezaren ondorio dira

Etxez etxeko Laguntza Zerbitzuaren (ELZ) gaia plaza publikoan gehiegitan ateratzen ari den gauza da eta, zoritxarrez, ez gauza onerako. UPNk ezarritako nahi pribatizatzaileek une oro aipatu zerbitzua zalantzan jartzera eramaten dute, bai erabiltzaileen aldetik, baita zerbitzua ematen duten horien aldetik ere.

Udalak kudeatu duen zerbitzuaren atalak era onargarrian funtzionatu du. Hala ere, CDNk eta PSNk ezarritako hasierako esperimentuak, zerbitzuaren atal bat era pribatuan kudeatzeak alegia, Barcinaren Gobernu Taldea bultzatzen ari den pribatizazioei bide eman zien. Eta momentu hauetan, Azvase enpresa pribatuak zerbitzuaren ia %80 du bere esku, eta lan honetarako espresuki sortutako Asimec enpresak geratzen den %20a.

Pribatizazioaz geroztik etorritako arazoak etengabeak izan dira. Amma-rekin hasi ziren eta Azvaserekin jarraitu. Azken hauek, UPNren pasibotasunaren aurrean, hasierako baldintzak bete ez dituztelarik. Gauzak horrela, haien irabaziak mantendu nahian, zerbitzu erabiltzaileei bost edo hamar minutu nola lapurtu dizkieten ikusi dugu.

Azvase enpresak bere burua baldintza-agirian ezarritako baldintzak betetzera behartua ikusi duenean, langileen kontura bere irabaziak mantentzen saiatu da. Horren ondorio ditugu langileek burutu dituzten hainbat greba. Hortaz, emandako zerbitzua ez da desiragarria eta langileen lan baldintzak okerrera jo besterik ez dute egin. Ondorioz, egin beharreko hausnarketa negatiboa da.

Bestalde, UPN, PSN eta NaBaik Asimec enpresa publikoaren alde egindako apustua ere iruzurra besterik ez da izan. Enpresak jardunean eman duen urte eta erdiren ostean, orain arte egin dezakegun balantzea ondorengoa da: 35 udal familia-langileetatik gehienak kalean geratu dira; enpresa sortu zenetik enpresa honetara bideratutako aurrekontua %58,82 handitu da, eta honek zerbitzuaren hobekuntza bat suposatu gabe, ez ratioetan, ezta emandako zerbitzuetan ere; langile hauen lan baldintzak udal langileek zituzten lan baldintzak baino kaskarragoak dira. Hau da enpresa publikoaren balantze tamalgarria.

Horregatik UPNk, PSNk eta NaBaik erantzun beharko luketen galdera datorkigu. Asimec enpresarekin zerbitzua zertan hobetu da? Ezertan ere ez; izan ere, arazoak konpondu ordez, areagotzen ari direlako, zerbitzua okerrera doalako, langileen ondoeza handitzen doalako eta gastuak handitzen ari diren bitartean, emandako zerbitzuak murrizten ari direlako.

UPN, PSN eta NaBairen ordezkariekin osatutako Administrazio Kontseiluak, erabakiak hartzen dituzten horiek, egun dauden arazoei aurre egiteko erabaki garrantzitsuak hartzeko ez dira gai izan. Asimec-ek funtzionatu duen urte eta erdi honetan zer egin dute? Hau da hiritarrei azaldu beharrekoa. Izan ere, enpresa honekin baten bat onuradun ateratzen ari da, eta horri ez al zaio «negozio» deitzen?

Zalantza izpirik gabe, egungo nahaspila, zerbitzua hobetu nahian, hainbat alderdi politikok izandako erantzukizun eta koherentzia ezaren ondorio dira. Bestalde, ulertezina den zerbait; izan ere, udal zerbitzuak ongi funtzionatzen baitzuen, kostu murritzago batekin eta langileen lan baldintza hobeago batzuekin. Zergatik horrenbeste nahi bitartekari publiko zein pribatu egoteko?

Gauzak horrela, Azvasek kontratua salatu du eta Udalak konkurtso berria ateratzera behartua ikusi du bere burua edota Asimec enpresari bere zerbitzuak eskualdatzera. Egoera honek eraman du PSNk UPN behartzea Azvasek emandako zerbitzuak enpresa publikoari eskualdatzera eta UPNek gaitz erdi moduan onartzera. Beti ere, beraien itunen onurarako. Bestalde, NaBai ere eskualdaketa hau onartzera behartuta egon da, nahiz eta «erabateko deskalabrua eta UPN eta PSNren zerbitzura egindako zentzugabekeria» zela esan.

Gorabehera hauen guztien bitartean, ezker abertzalearen jarrera argi geratu da. Interes orokorren aldeko defentsan gaude beti eta ez hainbat talderen interes alderdikoien alde; eta, noski, Udalak zuzenean kudeatuko lukeen Etxez etxeko Laguntza Zerbitzu baten alde, bitartekaririk gabekoa eta zerbitzu onena zein langileen lan baldintzak bermatuko lituzkeen ereduaren alde.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo