GARA > Idatzia > Kultura

Polizia-zinema berritu zuen Don Siegel zuzendariak atzera begirakoa izango du Zinemaldian

Donostiako Zinemaldiaren 58. edizioak «The killers» eta «Dirty Harry» polizia-film ezagunak zuzendu zituen Don Siegel zuzendari estatubatuarrari atzera begirako osoa eskainiko dio.

p043_f01_96x96.jpg

GARA | DONOSTIA

«Zuzendari izateko behar nuen bultzada eman zidan eta nik aktore izateko behar zuen bultzada eman nion», esan zuen Clint Eastwood aktore eta zinema zuzendariak Don Siegeli (Chicago, 1912 - Kalifornia, 1991) buruz. Izan ere, harentzat egin zuen lan bost filmetan, ezagunenen artean, «Dirty Harry» (1971) eta «Escape from Alcatraz» (1979). «Nire ustez, Don Siegelengandik ikasi nuen leziorik baliotsuena zer errodatu nahi nuen eta zerbait ikustean benetan zer ari nintzen ikusten antzematen jakitea izan zen; eta urte hauetan guztietan ez dut horrelakorik oso maiz ikusi», gaineratu zuen Eastwoodek.

Donostiako Zinemaldiak azken urteetan egin bezala, «askotan behar adina baloratu izan ez diren zuzendari klasikoak berrikusten» dihardu eta aurtengoan Siegelek, bere ikuspegi inkonformista eta biziarekin, hiru hamarkada luzez genero-zinemari egin zion ekarpen izugarriari buruzko begirada eskainiko du.

Siegel hasieratik nabarmendu zen zuzendari gisa. Bere lehenengo bi film laburrek -«Star in the night» (1945) eta «Hitler lives» (1945)- Oscar bana jaso zuten urte berean.

Cambridgen egin zituen ikasketak eta Hollywoodeko Warner Bros. estudioetan hasi zen lanean muntatzaile modura. Bere lehenengo film luzea «The Verdict» (1946) izan zen, eta gero, hainbat ekoizpen txikiri esker, B saila gainditu eta hainbat generotako pelikula garrantzitsuak zuzendu zituen. 50eko hamarkadan, thriller, western eta zientzia fikziozko bost film egin zituen.

1960an, Elvis Presley zuzendu zuen «Flaming star»-en eta pelikula honek ekoizpen garrantzitsuagoak egiteko atea zabaldu zion. Hamarkada berean, thrillerrera berrikuntza ekarri zuten funtsezko bi film egin zituen: «The killers» (1964), Angie Dickinson eta Lee Marvin protagonista zituena, eta «Madigan» (1968), Richard Widmark eta Henry Fondarekin.

35 film labur eta luze inguru sinatu zituen Siegelek eta horiexek izango dira ikusgai Zinemaldian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo