GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Ezbehar guztiak saihestea ezinezkoa da, baina prebentzio neurri guztiak inoiz ez dira gehiegi

Atzo goizean A-8 autobidean, Eibar eta Elgoibar artean, furgoneta bat errepidetik atera eta haren gidaria zauritu egin zen, bertan izan zen luiziaren ondorioz. Teknikariek mendi-mazelaren egoera aztertzeari ekin zioten atzo bertan, eta baliteke oso zaila izatea luizi horri aurrea hartu izana. Hala ere, atzokoa ez da autobide berean izandako lehenbiziko luizia, eta horrek arreta berezia jartzeko motibo izan beharko luke. Izan ere, atzokoan lagun bat zauritu zen, baina arrisku hori ondorio larriagoa bihur zitekeen. Horregatik, esan liteke atzoko istripuan, zorionez, lagun bat zauritu baino ez zela egin. Nolanahi ere, horrelako gertakariek herri honetako azpiegituren egoera aztertu eta behar denean hobetzeko balio izan beharko lukete, areago premia zalantzagarriko azpiegitura berriak egiteko dirutza gastatzeko prest daudela ikusita. Herri erakundeetako arduradunek ez dute ezbehar larriren bat gertatu arte itxaron behar azpiegitura horien egoera ona bermatzeko. Espero izatekoa da arduradun horiek atzoko istripuaren kausak azaldu ez ezik, ahal den neurrian horrelakorik gerta ez dadin behar diren prebentzio neurri guztiak hartu ere hartuko dituztela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo