Baiona, Angelu eta Biarritzeko hautetsiek Batz-eko hondakin zentroa defendatu dute
GARA | BAIONA
Baionako Batz eremuko hondakinak tratatzeko zentroaren proiektua zeresan handia ematen ari da. Hasieran, zentroaren kokapena zela-eta; orain, berriz, tratamendu mota zalantzan jartzen duen Adech elkartearen salaketek kezka handia sortu du biztanleengan. Horren aurrean, BAB Hiri Elkargoko hautetsiek gizarteari lasaitasuna ekarri nahi izan diote.
Hondakinen tratamenduaz arduratzen den Bil ta Garbi sindikatuak Baiona eskualderako aurreikusi duen sisteman konfiantza osoa dutela adierazi zuten hiru koloretako hiru udalek. Batzeko zentroak BABko eta inguruko herrien zaborrak tratatuko ditu.
Gizartean kezka eragin duten gaiak usaina, osasunerako kalteak eta kamioien etengabeko joan-etorria dira. Azken horri dagokionez Adech elkartea zabaltzen ari den datuak gezurtatu zituzten hautetsiek: aipatutako 230.000 tona urteko tratatzea ezinezkoa da, enpresak gehienez 80.000 har ditzakeelako. Usainei aurre egiteko beharrezko teknika guztiez baliatuko direla ere azaldu zuten.
Auzoei kalteak ekarriko lizkieketen arloetan berritasun guztiak erabiltzeaz gain, etorkizunean sortuko diren teknologia berrietara egokitu ahal izateko egitura eginen da. Hala, baliabide hoberenak etengabe ezarri ahal izateko gaitasuna eman nahi diote eraikinari.
Egituraren kostua apirilean jakinaraziko badute ere, atzo jada aipatu zuten 60-70 milioi euroko aurrekontu bat. Diru ezarpen hori, gero, hondakinak tratatuz eratuko den bio-gasaren bidez, hein batean berreskuratuko dute.