GARA > Idatzia > Kultura

«Sorginak» emakume arruntak baizik ez zirela ezagutarazteko ekimena, bertsolarien ahotik

Lapurdi 1609-2009 elkarteak orain lau mende gertatutako sarraskiak ekarri ditu gogora hainbat ekimenekin. Otsailaren 13an, Baionan, Euskal Herriko Bertso Txapelketako finaleko zortzikotea bilduko du kantura.

p041_f01_147x100.jpg

Jon GARMENDIA | BAIONA

«Orain dela laurehun urte Lapurdin zer gertatu zen ez genuen ezagutzen. Ez genekien zergatik gertatu zen sarraski hura, eta horren karietara antolatu genuen Lapurdi 1609-2009 elkartea, benetako historia ezagutu eta ezagutzera emateko intentzioarekin; ongi baitakigu agintzen duten horiek kontatzen dutela beti historia, egia balitz bezala aurkezten dutela gainera, baina justuki, ez dela hori egiazki gertatu zena», hitz horiekin eman zion hastapena Andoni Iturriozek atzo Baionako Elkar megadendan egin zen prentsaurrekoari.

Lapurdi 1609 elkarteko ordezkaria da Iturrioz, eta baita Mixel Mendiburu senpertarra ere. Biek gidatu zuten aurkezpena atzokoan, eta egin dituzten ekimenen emaitzak plazaratzeaz gain, larunbat honetan izango den bertso saioa aurkezteko baliatu zuten agerraldia. «Jende anitz atxilotu, torturatu eta erre zuten garai hartan. Neska gazteak ziren gehienak, eta Pierre de Lancrek gidatu zuen sorgin ehizak ohitura, kultura eta sinesmen anitz desagerrarazteko balio izan zuen» nabarmendu zuen Iturriozek.

«Folklorikoki beti erakutsi izan digute sorgin bat zer den, jantzi beltz bat duena, erratz baten gainean airean ibilki dena, eta klixe horiek apurtu nahi ditugu. Unibertsitateko irakasle zenbaitekin batera hitzaldiak antolatu ditugu, egiazko historia idatzi eta irakaste aldera. Hamar hitzaldi izan dira orotara, Baionan, Senperen, Azkainen, Donibane Lohizunen, Hazparnen, Uztaritzen, Saran, Urruñan... Hiru erakusketa antolatu ditugu, eta Lauburu elkartearekin batera eskoletara ere eraman dugu ekimena. Udaberri honetan liburu bat argitaratzeko asmoa dugu. Horri guztiari gehitzen zaio heldu den larunbateko bertso saioa», jarraitu zuen Iturriozek hitzen haria.

Bertsolariek ekimenarekin bat

Arratsaldeko bostetatik goiti Baionako Antzoki Nagusian Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalean kantatu zuen zortzikotea arituko da bertsotan, eta atzokoan saio horren agerkari izan ziren Maialen Lujanbio txapelduna, Amets Arzallus eta Sustrai Colina. Ekimenarekin bat egiten dutela erran zuten hirurek, eta aspaldiko partez Lapurdin eginen den bertso saiorik ikusgarriena izanen dela ziurtatu zuten.

1988. urtean entzun ziren bertso doinuak azken aldiz Baionako antzokian; Daniel Landart Nafarroa Behereko antzerki idazle ezagunak bildu zituen kantura garaiko finalistak. Egun arrakasta hura errepika dadin eskatu zuen idazleak atzo.

EGIAZKO HISTORIA

Egiazki gertatu zena kontatzeko, egiazki gertatzen dena kontatzen duten bertsolarien distira baliatuko dute Lapurdi 1609-2009 elkartekoek Baionan

Fitxa

Tokia: Baionako Antzoki Nagusia.

Data: Otsailaren 13an, arratsaldeko bostetatik goiti.

Antolatzailea: Lapurdi 1609-2009 elkartea.

Sarreraren prezioa:

10 euro, langabe eta gazteentzat; gainerakoentzat,15 euro.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo