Ertzaintzak atxilotuak torturatu zituela ukatu du Lakuako Barne Sailak
GARA |
Azken hiru asteotan Ertzaintzak gidaturiko operazioaren barruan espetxera bidali dituzten bederatzi lagunek torturak salatu ondoren, atzo Lakuako Barne Sailak atxilotuek tratu txarrak jaso izana ukatu zuen. Ohar bidez, inkomunikazio aldietarako prestatutako protokoloa «une oro» bete zela ziurtatu zuen, nahiz eta jakina izan atxilotuetako hiru forentsearen aginduz ospitalera eraman behar izan zituztela, horietako bat birritan.
Rodolfo Aresek gidatzen duen Sailaren arabera, gainera, «abokatuen laguntzarekin egin zituzten deklarazioak atxilotuek eta bideoz grabatu zituzten». Era berean, forentseak 24 orduro atxilotuak artatu zituela ere ziurtatu zuten. Adierazpen horien aurrean, amnistiaren aldeko mugimenduak kameraz grabatuta dituzten irudi horiek erakuts ditzaten eskatu zuen atzo, eta inkomunikazio aldian ez dutela konfiantzazko abokatuekin eta medikuekin egoterik izan gogorarazi zuen.
Herenegun salatu zuten Bilbon atxilotuen abokatu Haizea Ziluagak eta Alfontso Zenonek atxilotuek, Ertzaintzaren eskuetan egon ziren bitartean, torturak sufritu zituztela. Zenonek azaldu zuenez, protokoloa ez betetzeaz gain, Ertzaintzak berak eskatu zuen Audientzia Nazional espainolean atxilotuei inkomunikazioa aplika ziezaieten.
PP: «Salaketa kriminala»
Hori gutxi balitz, atzo PPk Barne Sailari torturak salatu dituztenei «salaketa kriminala» jartzeko eskatu zion. Herenegun atxilotuen abokatu, senide eta lagu- nek eskainitako agerraldiaren harira, Carlos Urquijok Gasteizko Legebiltzarrak, «honelako akusazio larrien aurrean», Ertzaintzaren aldeko jarrera agertu dezan eskatu zuen.
PPko legebiltzarkidearen arabera, salaketa horiek «Ertzaintzak ETAren aurka egiten duen lana belztea dute helburu» eta «Ertzaintzak terrorismoaren aurkako borrokan pausoak ematen jarraitzen duen heinean, gisa horretako salaketak areagotu egingo dira», esan zuen. Beraz, gisa horretako salaketa gehiago egon ez daitezen, irtenbide gisa, «salaketa kriminala» jartzea proposatu zuen.
Amnistiaren aldeko mugimenduak, ordea, auzipetu beharrekoak Patxi Lopez eta Rodolfo Ares direla argitu du, «Ertzaintzaren torturen arduradun politiko nagusiak direlako».
Horrez gain, errepresioaren aurkako erakundetik EiTBko zuzendari Alberto Suriok dimititu egin beharko lukeela adierazi zuten, «tortura informazioa izan arren, isilik egon direlako».