Makalaldia amaitzeko modu bakarra Nastic-i irabaztea da, jokalarien ustez
Arnaitz GORRITI
Reala une zail samarra pasatzen ari da: lesioak direla, emaitza txarrak direla... Anoetara datorren hurrengo taldea Nastic da gainera; hau da, Bigarren Mailan etxetik kanpo puntu gehien atera duen taldea, izan ere, 20 puntu lortu ditu bisitari gisara.
Horren aurrean jokalariek burua galdu gabe aurrera jarraitzea eta ahal dela hurrengo neurketa aurrera ateratzea dute helburu. Hala adierazi zuten behintzat atzoko entrenamenduaren ostean Buenok eta Sergiok.
Carlos Bueno bera izan zen atzoko entrenaldiko protagonista. Garrantzia kendu bazion ere, taldekideak baino arinago joan zen aldageletara eskuin izterreko iskiotibialetan mina sentitu zuelako.
Horrez gain, kideen lesioak direla-eta, Sergiok hasieratik jokatzeko aukera izan lezake, baina kontu handiz mintzatu zen. «Entrenatzaileari dagokio hori erabakitzea. Amorratzen nago, baina egin dezakedan gauza bakarra jo ta su entrenatzea da».
Bestalde, Gironaren aurkako partida hilaren 21ean jokatuko da (17.00).