GARA > Idatzia > Kultura> Zinema

Zerrenden sukar kutsakorra

Iñaki LAZKANO

Kazetaria eta Gizarte eta Komunikazio Zientzietako irakaslea

Hamarraldia amatatu ez den arren, XXI. mendeko lehen hamarraldiko film onenen zerrendak kaleratu dituzte dagoeneko munduko bazter guztietako zinema aldizkari berezituek. Zerrenda ia guztietan hiru film nabarmentzen dira: «Mulholland Drive» (2001), «In the Mood for Love» (2000) eta «Yi Yi» (2000). Oscar saririk jaso ez duten filmak dira guztiak. Ikusleen babesa erdietsi ez dutenak. Alta, zinema kritikari eta adituen pelikula kutunenak dira. Kultuko filmak.

«In the Mood for Love» (2000) eta «Yi Yi» (2000) aparten arrakasta kritikoa Asiako zinemak azken urteotan bereganatutako garrantziaren isla da. Wong Kar-wai eta Edward Yang zinemagileen maisulanez gainera, Jia Zhang-ke-ren «Platform» (2000) eta «Still Life» (2006), Wang Bing-en «West of the Tracks» (2003) nahiz Apichatpong Weerasethakul-en «Tropical Malady» (2004) eta «Syndromes and a Century» (2006) filmak ere agertzen dira zinema aldizkari berezitu esanguratsuenen zerrendetan.

David Lynch da, ezbairik gabe, zinema estatubatuarraren ordezkaririk behinena. Hala, «Mulholland Drive» (2001) zirraragarriarekin ez ezik, «Inland Empire» (2006) kriptikoarekin ere topo egin daiteke zerrenda gehienetan. Harrigarriena, baina, europar zinemaren gainbehera da. Oso tarteka azaltzen dira-eta hamar onenen artean Sokurov, Haneke, Von Trier edo Almodovarren filmak. Gehien laudatzen den filma Cristi Puiu errumaniarraren «The Death of Mister Lazarescu» (2005) komedia iluna da.

Zerrenda herrikoiagorik bada, ordea. Internauten arabera, Chris Nolan ingelesaren «The Dark Night» (2008) eta Peter Jackson zeelandarraren «The Lord of the Rings: The Return of the King» (2003) dira, biak ala biak, XXI. mendeko lehen hamarraldiko film onenak. Haien ostean, hurrenez hurren, Fernando Meirelles brasildarraren «Cidade de Deus» (2002), Peter Jacksonen «The Lord of the Rings: The Fellowship of the Ring» (2001) eta James Cameronen «Avatar» (2009) ageri dira.

«In the Mood for Love» (2000) ezinezko maitasunari buruz sekula filmatutako maisulanik hunkigarriena dela aitortu arren, «The Dark Night» iluna ere aparta dela ezin ukatu. Batzuek zein besteek ahantzitako hainbat film eder ere bada. «25th Hour» (2002), «Oldboy» (2003), «Luz silenciosa» (2007) edo «Das weisse Band» (2009), kasu. Hortaz, zerrenda batean ala bestean lerrokatu baino, bihotzera iristen zaizkigun pelikulekin -adimentsuak ala ihesbidekoak izan- osatu beharko genuke gure zerrenda. Elitismoa eta propaganda baztertuz. Nork bere irizpidea aintzat hartuta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo