Eszenak
Euskal umoregintzan esparru berri bat irekiko da gaur Villabonan
Villabonako Gurea zinema-aretoak gaur gauean lehen euskarazko bakarrizketa lehiaketa hartuko du. Antolatzaileek euskarazko umoregintzan esparru berri bat sortzeko bultzatu dutela azaldu dute. Zazpi parte-hartzaile arituko dira publikoaren barre-algarak eragiten.
Itziar AMESTOY | GASTEIZ
Gaur gauean Villabonan ospatuko den bakarrizketa lehiaketa etenik ez izateko jaio den ekimen baten lehen pauso gisa har daiteke. Antolatzaileek azaldu dutenez, aspaldi izan dute buruan gaur gauzatuko den egitasmoa. Baina, azkenik, gaur 22.30ean izango da hitzordua, Villabonako Gurea zinema-aretoan. Lehiaketa gisa aurkeztu duten arren, antolatzaile Anartz Iturbek azaldu du lehia ez dagoela euren helburuen artean.
Euskarazko umoregintzan esparru berri bat ireki nahi dutela esan du Iturbek. Haren ustez, barre egiteko beste eremu bat lortzea da xedea. «Gaur egun telebistaz gain, umoregintzan ez dago ia ezer», esan du Anartzek. Hala ere, eskaria badagoela ziur daude antolatzaileak eta hori dela-eta bultzatu dute gaurko ekitaldia. Bertan, zazpi parte hartzaileren bakarrizketak entzuteko aukera izango da. Jon Plazaola, Ione Gorostazu, Porrotx, Xabi Barriola, Oskar Schawarz, Yon Martinez eta Olatz Etxeberria izango dira Gurea zineman bilduko direnak.
Anartz Iturbek argitu duenez, parte hartzaileen artean oso harrera ona izan du ekimenak. «Jende gehiago agertu zen gurekin egoteko prest», ziurtatu du. Hala ere, antzerki munduko pertsonak direnez, denek ezin izango dute gaurkoan Villabonan egon.
Jarrera ona
«Haien ahotik eskerrak jaso ditugu», azaldu du antolatzaileak. Oso «gustura» arituko dira gaur gauean, gehienbat egitasmo honen bultzatzaileek bezala, horrelako ekimenen hutsunea sumatzen dutelako. Lehiaketa formatua, bestalde, ez dutela gehiegi atsegin esan du Iturbek. Haren aburuz, norgehiagokan aritzeak ez dauka zentzurik esparru berri bat eraiki nahi duen egitasmo honetan. Publikoaren barre-algarak eragitea da helburua, hori beti ere euskaraz eginda.
Publikoak erantzun ona emango duela aurreikusten dutela ziurtatu du. 300 bat lagunentzako lekua dauka Gurea zinemako aretoak. Oraingoz sarreren erdia salgai egon da herriko okindegietan, baina Anartzek azaldu duenaren arabera, horrelako hitzorduetan leihatilan aurretik saldutako adina sarrera eskuratu ohi dira.
Itxaropentsu agertu dira, hortaz, antolatzaileak. Bestalde, gaurko saioak jarraipena izango duela ziurtatu dute. Lehendabiziko data iritsi aurretik, aritu dira dagoeneko bigarrenari buruz hitz egiten. Saiakerek duten aukeren probetxua atera eta gaurkoa hobetzeko intentzioa izango dute hurrengo ekitaldietan. Helburua, beti ere, umore esparru hau euskaraz eraikitzea izango da.
Zazpi izango dira bakarrizketak egingo dituzten parte-hartzaileak: Jon Plazaola, Ione Gorostazu, «Porrotx», Xabi Barriola, Oskar Schwarz, Yon Martinez eta Olatz Etxeberria.
Gaurkoa ospatu aurretik, antolatzaileak bigarren saio baterako formatuaren inguruan pentsatzen aritu direla onartu dute. Gaurko saioko akatsak hobetu eta esparru berria eraikitzeko bidean jarraituko dute.