GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Alboloteko euskal preso politikoak

Alboloteko kartzelako kideek, Igor Gonzalezi

 

Aupa Igor! Zer moduz zabiltza Badajozen? Jakin berri dugunaren arabera, jada hobeto zaude. Nerearen eta bertako gainontzeko burkideen laguntzarekin apurka-apurka zulotik ateratzen ari zara eta ziur gaude daukazun irribarre bihurri hori laster berreskuratuko duzula.

Faltan botatzen zaitugu Igor, elkarrekin emandako azken asteetan ezin izan genuen zutaz eta zurekin batera behar zen bezala gozatu, eta gure aldamenetik eroan zintuzteneko pena honekin gelditu ginen. Ganoraz elkar agurtzeko ez ziguten astirik eman, besarkada azkar bat eta presaka gauza guztiak biltzera behartu eta isolamenduko modulutik atera zintuzten. Hasiera batean goibel eta kezkaturik gelditu ginen, gertatutakoa guztiak gailentzen gintuen eta ez genekien zuzen jokatu genuen eta egin genezakeen guztia egin ote genuen ere. Geroxeago, informazio gehiago eskuratu genuenean, hasierako tristuratik haserre bizira pasatu ginen. Espetxe honetako arduradunek eta zuzendariorde medikuak zure bizia arriskuan jarri zuten arduragabeki eta maltzurki, eta gu miserableki engainatu gintuzten.

Guk ez genekien zeure buruaz beste egiten saiatu zinen aurreko egunean (abenduaren 21ean) zure konfiantzazko psikologoak, espetxe honetan zuri egindako ikustaldian, Alboloteko zerbitzu medikuei zure egoeraren larritasunaz ohartarazi ziela. Psikologoak zu hain gaizki ikusi zintuenez, zuri «protokolo berezia» aplikatzeko eskatu zuen. Protokolo horren arabera, zuk uneoro kide batekin batera egon behar zenuen (gau eta goizez), jarraipen zehatz bat jasoz. Konfiantzazko psikologoari kasu egin baliote, hurrengo goizeko (abenduaren 22) gertakari tamalgarriak ez ziratekeen gertatuko eta zuk ez zenukeen odol tanta bat ere ez isuriko. Espetxeko zerbitzu medikuek zergatik ez zizuten protokoloa aplikatu? Zein zen zuzendariorde medikuaren benetako asmoa? Zu erailtzea...?

Oraindik horrelako galdera eta zalantza asko buruan dauzkagu, zeren eta espetxeetan gure osasunaz arduratu behar direnek jokaera maltzur hau erakusten badute, zer egiteko kapaz ez dira izango gainontzeko arduradunak; e, Igor?

Baina oraindik abenduaren 22ko goiz ilun horrek ezbehar gehiago gordetzen zigun. Gogoratzen duzu, Igor, nola isolamenduko kartzeleroek presa sartzen ziguten zure gauza guztiak biltzeko, espetxeko atarian pikoloak zure zain zeudelako kondukzio berezian eroango zintuztelako? Bada, balizko kondukzio berezi hori, ongi dakigunez, gezurra zen; ez zegoen inor zure zain espetxeko atarian, eta den- dena zu gutaz urruntzeko jukutria izan zen. Alboloteko sarrera moduluan utzi zintuzten hurrengo eguneko kondukzio arruntaren zain. Kondukzio arrunt batek egun luzeetan zehar espetxez espetxe eta zuk zeure buruarekin bakar-bakarrik ibilaldi gogor bat burutzea da. Eta zure egoera ez zen aproposena horrelako txango gogor bat egiteko, galdutako odolarengatik oso ahul eta gertatutakoagatik urduri eta nekatuta.

Alboloteko arduradunek lehenbailehen atera nahi zintuzten hemendik, zure kideon berotasun eta laguntzatik. Arduradun arduragabe hauek bazekiten ongi beren jokaera arduragabeari esker preso batek ia-ia bere bizia galdu zuela, eta beren buruak zuritzearren, beste espetxe batera azkar bidali zintuzten. Bost axola zitzaien zure egoera, Igor, zure bizia bidaia horrekin berriro arriskuan jartzea ez zitzaien inporta, afera zu lehenbailehen Albolotetik ateratzea zen beraientzat, eta beraien hanka sartzearen ondoren, «marroi» bat zinen.

Guretzat, zure kideontzat, ez zara inongo marroia, pairatu behar dugun marroi bakarra gure osasunaren ardura borrero madarikatuak diren espetxe arduradunen eskuetan egotea da, hau bai marroia. Zu eta gainontzeko kide gaixoak gure erantzukizuna zarete, kristoren garrantzia duen erantzukizuna, zeren zeuon askatasuna lortu arte, zeuon senide eta lagunekin batera kalean osasuna berreskuratzen egon arte ez dugu etsiko eta etengabe jarraituko dugu zeuen askatasuna aldarrikatzen. Erronka honetan ez gaude bakarrik, badakigu euskal gizartearen gehiengoak gurekin bat egiten duela. Urtarrilaren 2an Bilbon bildu ziren 44.000 euskal herritarrek horrela adierazi zuten, badela garaia gaixo dauden preso guztien askatasuna lortzeko, dispertsioa bukatzeko garaia heldu dela.

Batzuek, Alboloteko arduradunek, adibidez, maltzurkeriarekin eta gezurrarekin apainduz, gorroto eta mina soilik pilatzen dakite. Zer egingo dugu, txo, jendilaje mota horretakoak dira gure kartzeleroak. Guk, aldiz, indarrak metatu nahi ditugu preso zaudeten kide gaixoen askatasunaren aldarriaren inguruan, zeren etorkizunarekin baikor eta itxaropentsuak garen bezalaxe, prozesu demokratikoaren alde ilusio eta kemena biltzearen aldekoak gara, eta etorkizun horretan zuek ere ezinbestekoak zarete.

Bueno ba, Igortxu, amaitzeko jakin ezazu abenduaren 21 eta 22an gertatutako guztia salatzeko planto egin genuela eta bertan, idazki baten bidez, zuzendariorde medikuaren dimisioa eta bidegabekeria honekin zerikusirik izan dutenen dimisioa eskatu genuela. Badakizu hemen gaituzula behar duzunerako, beti prest.

Jaso ezazu besarkada eta muxu handi bat izugarri maite zaitugun Alboloteko kide hauen partez. Eutsi goiari!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo