GARA > Idatzia > Euskal Herria

Txarriboda, kaletarrak eta baserritarrak elkartzen dituen ohitura

Kaletarrak eta baserritarrak non elkartuko eta txerria txorizo bilakatzen den besta edo lan horretan. «Txarriboda» izen ederrarekin ezaguna da Hegoaldeko hainbat tokitan, baina Lapurdi aldean izen errealistagoa hartzen du: «Zerri hiltzea». Denborarekin galtzen ari den ohiturak zenbait tokitan urteroko hitzordua izaten segitzen du.

p017_f01.jpg

Idoia ERASO

Batzuentzat lehen aldia da etxean jango duten animalia bizirik ikusten dutena, eta esperientzia arraroa da hori», erran zuen txerria hiltzeaz arduratu zen Panpik. Bilbotik Senperera bizitzako lehen txerri-bodara etorri ziren kaletarrek lehenbiziko aldi horrek ekartzen duen aurkikuntza azaldu zuten. Ramonek bere miresmena hitz hauekin adierazi zuen: «Harrigarria da ze denbora gutxi pasatzen den txerria bizirik egotetik odolosteak jateraino». Izan ere goizeko zortzietan oraindik bizirik ikusi zuten txerriaren odolkiak bazkaritan jan zituzten langileek.

Ezjakintasunaren txundidurari beste alde batetik heldu zion Begotxuk: «Ni benetan harritu nau txerri batetik zenbat gauza ateratzen diren». Elenak bi errealitateen arteko ezberdintasuna argiki adierazi zuen: «Gu beti dena harategian zintzilikatua ikustera ohituta gaude, horregatik uste genuen denbora gehiago behar zela. Aldiz beraiek betidanik horrela bizi izan dute». Ramonek esandako beste hitz hauek egoeraren metafora irudikatu zuten: «Beraientzat txarriboda guretzat lanean ordenagailua piztea bezalakoa izan behar da».

Ordenagailua piztea bezain erraza ez omen da denentzat, behintzat horrela adierazi zuen Panpik. «Hiltzeak zerbait egiten dit beti. Alde batetik futitzen naiz, baina bestalde... Batzuetan hozkailuan dugun haragia pasatu eta botatzen dugu, haragi hori botatzea gaizki irudituko litzaidake».

Larritzen duten garrasiak

Txerria hiltzen den momentuari buruz denen ahotan egoten den ezaugarria hiltzear dagoen animaliaren oihuak izaten dira. Pertsona baten oihuak bezalakoak izaten direla-eta, jende askoren amesgaiztoa osatzen dute. Iritzi horretakoa zen Elena: «Txerria hiltzen zuten bitartean begiratzen egon nintzen baina ez nuen ezer ikusi oihuek gainditzen nindutelako, odol txorrotada besterik ez nuen ikusi».

Ramonek bestelako sentsazioa izan zuen garrasiak entzutean. «Amak betidanik kontatu dit txerriaren oihua txikitatik oso sartua duen soinua dela. Oso sarkorra izango zela uste nuen, baina entzun eta gero ez zait horrenbestekoa denik iruditu».

Garrasiarekin batera odola izaten da momentu horren inguruko mitologiaren beste osagaietako bat. Beldurrezko filmetan hainbeste «ketchup» ikusi eta gero, txerriaren hilketa ere horrelakoa izanen dela uste izaten da. «Barruak oso garbiak daude, organo guztiak ikusten dira. Atentzioa eman zidan ia usainik ez zuela», nabarmendu zuen Begotxuk. Elenak ere ideia hori baieztatu zuen: «Ez du nazkarik ematen, filmetan odola dago eta nazka ematen du. Etxekoandreak odola biltzen oso lan ona egin du».

Txerriaren barruak txorizo, odoloste, saiheski... bilakatzeko momentuarekin, «txerri-lanak» deiturikoak hasten dira. Barruak zatika atera behar zaizkio abereari, solomoa, saihetsak, azpizunak... «Banaketa egin genuen orduan, okelerako zena eta prestatzekoa zena, patea, txorizoak eta odolosteak». Animaliarenak bezala lanen garbitasunak ere harritu zituen kaletarrak. «Oso txukuna da dena, etengabe dena garbitzen da. Oso ondo antolatuta dago».

Lanak bukatuta txarriboda izan zen gero, nekea alde batetik, eta hil eta landutakoa jan ahal izatearen harrotasuna bestetik izan ziren mahai-inguruan protagonista. Egin lana konpartitzean ere badatza txerria hiltzearen atsegina. Kaletarrek familia eta lagunekin banatu zuten eta baserritarrek auzoko, familia, ezagunekin: «Hogei bat familiari ematen dizkiegu odolkiak. Gero eta gutxiago dira berriz odolkia ekartzen dutenak, baina ordez beste gauza batzuk ematen dizkigute, bakoitzak duenetik», erran zuen etxekoandreak.

Txerria hiltzea, dakitenen eskuetan gelditzen den lana

«Guk ez dugu ezer kontatzeko, guretzat hain normala da-eta, ez dugu fitsik errateko». Hirurogei urtetik hurbil dagoen Pipinen hitzak dira horiek, etxean txikia zenetik ikusi du txerria hiltzen. Ez da bilbotarren kasua, horiek bazuten zer esan: «Goizean goiz jaiki eta Senpereko baserrira joan ginen. Txerria kortatik atera eta atzeko oinak lotu zizkioten. Ondoren bost gizonen artean mahai baxu batera igo zuten».

«Hiru gizonek hanketatik heldu zioten eta laugarrenak muturretik. Beste batek labaina sartu zion. Ondoan emakume bat ari zen konketa batean odola biltzen». Gero, lurrean ezarri, lasto artean, eta azala erre zioten. Lan zailak bukatu, «eta orduan bilbotarrok parte hartu ahal izan genuen», erran zuen Ramonek irribarretsu. Xan etxeko jaunaren aburuz, lan ona egin zuten: «Normalean kaletarrak halako lanetara etortzen direnean, ez dakite zer egin behar den. Bilbotar horiek, aldiz, ausarki aritu dira lanean». I. E.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo