GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora Urrezko lehiaketa

Olasagasti eta Etxebeste, bikain

Igeldoarrek uste baino askoz errazago menderatu zituzten Arria eta Txapartegi, eta finalerdietan sartu dira.

p038_f01.jpg

Jon LEUNDA

Joxemari Olasagastik eta Joxe Etxebestek lortu zuten larunbat gauean Urrezko Aizkorako finalerdietan izateko txartela Arria V.a eta Txapertegi mendean hartu ostean. Igeldoarrek saio ona egin zuten eta amaieran minutu bat eta segundo bateko aldea lortu zuten.

Beteranoek lan bikaina egin zuten, baina Txapartegik eta Arriak ez zuten egin zaleek uste zuten adina. Lehen bi probatan garaile atera ziren, bai 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagoan mozteko proban, eta bai 60 ontzakoa zutik mozten ere, baina hortik aurrera igeldoarrak gailendu ziren.

Aizarnakoak eta Errezilgoak 2 minutu eta 16 segundoan bota zuten 60 ontzakoa zutik, eta 25 segundoko tartea kendu zieten igeldoarrei. Hortik aurrera, aldea laburtzen hasi ziren Etxebeste eta Olasagasti, eta errematea iraupeneko proban eman zuten, lau kana-erdiko eta bi 60 ontzako mozten: 12 minutu eta 48 segundo behar izan zituzten, eta 13 minutu eta 51 segundo, berriz, Arriak eta Txapartegik. Igeldoarrek 25 minutu eta 19 segundoan burutu zituzten lan guztiak, eta 26 minutu eta 20 segundoan, berriz, Arriak eta Txapartegik.

Beraz, finalerdiak nola eta noiz jokatuko diren erabakita daude. Datorren larunbatean, Asteasun, 16.30etik aurrera, Atutxak eta Rekondok Olasagastiren eta Etxebesteren aurka neurtuko dituzte indarrak. Bigarren finalerdia, igande eguerdian jokatuko da Elgoibarren, eta bertan Donato eta Ohian Larretxea Nazabalen eta Jauregiren aurka neurtuko dira.

Zilarrezko Mailan, Saralegi I.ak eta Olanok lortu zuten finalerako txartela Kañamares I.a eta Kañamares III.a mendean hartuta. Leitzako gazteek garaipen erosoa lortu zuten, izan ere jokatu beharreko proba guztietan gailendu ziren. Lan guztiak 15 minutu eta 4 segundoan burutu zituzten, eta Arostegikoek, berriz, 16 minutu eta 19 segundoan.

Olano eta Saralegi finalean daude, baina oraindik beste final-laurden bat eta finalerdi bat jokatu beharrean daude maila horretako bikoak, eta biak datorren asteburuan jokatuko dira, izan ere, final-laurdenetako saioa herenegun Espejon zen jokatzekoa, baina elurrak galarazi zuen jokatzea, eta orain denak azkar berreskuratu behar dituzte, finala ere gainean baitago.

Final-laurdena larunbatean Asteasun jokatuko dute Llanos-Kintanak Dorronsororen eta Irazabalen aurka, eta hemengo garaileak igandean Elgoibarren jokatuko du finalerdia Mugertza anaien aurka.

Finalak, otsailaren 27an jokatuko dira Azpeitian, Izarraitz pilotalekuan, eta egun berean izango dira bai Urrezko Aizkorako finala, eta bai Zilarrezko Aizkorako final handia ere.

Minutu bat

Zaleek itxaropen handiak zituzten Arriarekin eta Txapartegirekin, baina Errezilgoak eta Aizarnakoak ezin izan zituzten menderatu Etxebeste eta Olasagasti. Beteranoek minutu bat pasako aldea atera zieten final-laurdenetako saioan.

Aizpuruk min hartu du, eta Mugertza II.ak ordezkatuko du Zilarrezkoan

Zilarrezko Aizkoran finalerdietatik hasi behar zuen lehiatzen Mugertza III.ak eta Aizpuruk osatutako bikoak, baina Aizpuruk ez du jokatzerik izango.

Nuarbetarrak pasa den larunbateko entrenamenduan ebaki handia egin zuen besoan aizkorarekin, eta ez dago jokatzeko moduan. Odol asko galdu zuen, baina gaua Mendaroko erietxean pasatu ostean, etxean da. Susto galanta hartu zuten berarekin ziren guztiek, baina azkenean osatzeko moduan izango da, eta gauzak okertu ezean, behintzat, Buruz Burukoan aritzeko moduan izango da, Egur Sportek horrela nahi izanez gero.

Gauzak horrela, Mugertza III.a bere anaiarekin batera arituko da orain. Mugertza II.a Urrezko Aizkoran ere aritu da, baina azken unean Zilarrezkoan ere neurtuko da, igandean Elgoibarren.

Jon LEUNDA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo