GARA > Idatzia > Kultura

Dantzaren bidez, pertsonen artean ezberdintasunik ez dagoela erakusten du «Simplemente»k

John Andueza arrasatearrak «Simplemente» dokumental luzea estreinatuko du gaur Donostian. Down sindromea duten hamar protagonistek dantzan aurkitu dute oztopoak gainditzeko giltzarria.

p043_f02.jpg

Oihane LARRETXEA | DONOSTIA

Down sindromeak eta dantza garaikideagatik sentitzen duten zaletasunak elkartzen ditu «Simplemente» filmeko hamar protagonistak. Guztiak Despertar los sentidos izeneko dantza taldeko kideak dira, 2001. urteaz geroztik, gorputzaren mugimenduen bidez gorputzeko eta adimeneko mugak haustearen alde lan egiten duen proiektua; eta hain zuzen ere, egiteko hori izan da John Andueza zuzendariak dokumentalean bildu duena. Atzo Donostiako Victoria Eugenia Antzokian eskainitako aurkezpenean azaldu zuenez, istorio «naturala eta egiazkoa» kontatzea zen bere helburua eta emaitza ikusita lortu duela baieztatu zuen: «Simplemente»k hamar gazteren bizimodua kontatzen duela esan zuen Anduezak, mundua eta bizitza ikusteko modua, eta guztia, dantzaren bidez babestuta eta kontatuta.

Ana Mota, Zaloa Unda eta Alberto Hermoso protagonistak ere bertan izan ziren, kamera aurrean lehen aldiz jartzearen esperientziaz mintzatzen. Aitortu zutenez, ez dute arrakasta bilatzen, izan ere, dantza egitea beraien ametsa da: «Ni beste edonor bezalakoa naiz -esan zuen Motak-, dantzaria izan nahi dut, ez dut izarra bilakatu nahi, ni neu izan nahi dut, eta egin dugun lana duintasunez eta seriotasunez baloratu dadila. Hori besterik ez».

Dantza giltzarri

Sarah Ramirez dantza konpainiako irakaslea izan da dokumentaleko dantzak zuzentzeko arduraduna. Bere iritziz oztopoak eta zailtasunak gainditzeko giltzarria dantza dela baieztatu zuen, izan ere gorputzak ezberdinak izan arren, -ez dago ez txarrik, ez hoberik-, dantzak guztiak onartzen ditu. «Gizarteak ez dauka gaitasunik pertsona hauek egin dezaketena aitortzeko -salatu zuen-, baina gisa honetako proiektuei esker bidea zabalduz doa».

Gaur 20.00etan lehen emanaldia eskainiko dute Victoria Eugenia antzokian, eta ostiralean, ordu berean, Iruñeko Golem zineman. Larunbatean berriz izango dira Donostian, Kutxa aretoan, eta hilaren 26an, Arrasaten, 20.00etan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo