GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euskal Herria «bakarturik ez» dagoela erakutsi dute Elkartasun Asteko ekimenek

Euskal Herriarekiko IV. Nazioarteko Elkartasun Astean jasotako babesa helarazi eta egindako hitzaldi eta mobilizazioetan esku hartu duten hainbat eragilek errealitate horren berri eman zuten atzo.

p012_f01_148x136.jpg

Zuriñe ETXEBERRIA | GASTEIZ

«Euskal Herria ez dago munduan bakarturik, ezta isolaturik ere», baieztatu zuten Euskal Herriarekiko IV. Nazioarteko Elkartasun Astean esku hartu duten hainbat eragilek. Aitzitik, Askapeneko kide Ruben Sanchezek adierazi zuenez, «urtetik urtera, lagun gehiagok adierazten du herri honekiko elkartasuna eta babesa».

Euskal Herriaren Lagunak taldeak antolatuta, otsailaren 6an hasi eta astebetez, 18 herrialdetan 80 ekimen baino gehiago egin dira. Milaka lagun mobilizatu dira laugarren edizio honetan, eta atzo nabarmendu zuten «ziur» daudela hurrengo urtean gehiago izango direla.

Halaber, atzerriko herrietako lagunek sarritan «kriminalizazioa eta intoxikazio mediatikoa» pairatzen dutela gogorarazi zuen Sanchezek. «Askatasun eta sozialismorantz gero eta bidelagun gehiago ditugu», gaineratu zuen Askapeneko kideak. Izan ere, munduko sektore ezkertiar eta solidarioek, herrien eta herritarren eskubideen alde daudenek, «herri honen eskubideen alde egiten den borrokaren alde daude». Hain zuzen ere, borroka «justua, egiazkoa eta zilegi» delako. «Eta jakitun eta solidarioak direlako herri honetan ilegalizatutako edo itxitako hedabideekiko, alderdi politiko eta herri mugimenduekiko, tortura pairatutakoekiko, desagerrarazi edota hil dituzten lagunekiko, kartzeletan sakabanaketa eta beste hainbat tratu txar pairatzen dituztenekiko eta zigortuak diren beraien senideekiko», gaineratu zuten.

Orain aste batzuk izandako Elkartasun Astean parte hartu zutenen testigantzak ere eman zituzten atzoko agerraldian. Egunkaria Libre! ekimeneko Ainara Mendiolak Irlandan izan direla eta «nazioarteko laguntza salbuespen egoerak amaitzeko ezinbestekoa» dela ohartarazi zuen. GITEko kide Txema Uriartek Italian egindako biraren gainean honela mintzatu zen: «Hitz ezberdinak erabiltzen baditugu ere, han eta hemen borroka bakarrean dihardugula ikusarazi digute». Etxerat elkarteko ordezkariak ere pozik agertu ziren senideen testigantzek mugak gainditu dituztelako.

Amaiera «ezin hobea»

Azkenik, Elkartasun Asteari amaiera «ezin hobea» emango dion ekimena iragarri zuten. Bihar, Milango kaleetan Italiako Euskal Herriaren Lagunak osatzen duten 12 elkartasun batzordek baino gehiagok eta Palestina, Kurdistan eta Abya-Yalako hainbat herrirekin soli- darioak diren lagunekin elkarlanean, manifestazioa izango da. Bertan, euskal preso politikoek garrantzi «berezia» izango dutela iragarri zuten, izan ere, Milango kaleetan presente izango dira.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo