GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Eraso autoritarioen aurrean» mobilizazioak iragarri dituzte Ikasle Abertzaleek martxorako

p012_f02_088x072.jpg

GARA | BILBO

Ikasturte hasieran ikastetxez ikastetxe egindako diagnostikoa ardatz hartuta, Ikasle Abertzaleek ikasleen eskubideak urratzen dituzten «marra gorriak borrokatzen» dihardute bestelako hezkuntza eredu bat aldarrikatzen. Hala ere, egunerokotasuneko urraketez gain, azkenaldian administrazioetako Hezkuntza sailak «egoera larri hau areago okertuko duten» neurriak hartzen ari direla salatu zuen IAk atzoko agerraldian.

Isabel Celaa eta Alberto Catalan, Lakuako eta Nafarroako Hezkuntza sailburuak, hurrenez hurren, «ikasleen eskubideak guztiz urratuko dituen ofentsiba españolista eta autoritarioa» martxan jartzen ari direla adierazi zuen IAk. «`Euskal Herria' terminoaren aurkako erasoa, NUPeko ikasleek UPNren eskutik bizi behar izan duten zirku mediatikoa eta EHUk Lakuako Barne sailburuarekin sinatutako akordioa, hots, Ertzaintzari EHUn sartu eta inolako mugarik gabe bertako datuak erabiltzeko eskumena ematen diona» aipatu zituzten besteren artean.

Egoera horren aurrean, ikasle abertzaleak «eskuak gurutzaturik» ezin direla gelditu adierazi eta azken urteetan pairatutako «eraso autoritario handienari» erantzun beharra dagoela gaineratu zuten. Dagozkien eskubideen defentsan eta Euskal Eskola Nazionalaren alde, «inposaketa hauek guztiak salatzeko eta baldintzatzeko unea da». «Inposaketarik ez. Borrokatu marra gorriak» lelopean martxoaren 12an ikastetxe eta institutuetan eta martxoaren 18an unibertsitateetan geldialdiak eta mobilizazioak iragarri dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo