GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Bi Turkien arteko pultsu gogorra

Eez da harrigarria gertatzen Turkiako Armadako hainbat kide eta kide ohi, ustez, konplot kolpista batean nahastuta zebiltzala jakitea. Harrigarriagoa da, inondik ere, Gobernu turkiarrak horiek atxilotu izana, botere faktikoei aurre egitea, alegia. Harrigarria, ezaguna baita Turkiako Armadak, auzitegiek eta oposizio kemalistak nahi dutena egiteko eta desegiteko duten boterea. Baina ulergarria ere bada, botere faktikoek Gobernu islamista etengabe zirikatu izan baitute, Erdoganen alderdiak gehiengoa izanik, haren politikak obratzen utzi gabe; are, hura legez kanpo jartzeko mehatxuak eginez. Atzo eta herenegun izandako operazioa bi Turkiak ordezkatzen dituzten blokeen arteko talkaren erakusgarri da. Islamismo moderatuaren eta balio antidemokratiko nabarmenen jabe direnen arteko talka; burgesia islamistaren eta laizismoaren izenean «aberriaren» esentzien zaindari agertzen direnen artekoa. Eta, ezbairik gabe, pultsu gogor baten aurrean gaude. Baliteke Gobernuak talka hori kitatu nahi izatea; izan ere, Konstituzioa aldatzeaz ere hitz egin da, erraza ez dirudien arren. Ez dirudi erraza, baina bai beharrezkoa, Mendebaldearen muga omen den herrialdeak norabide bat hartuko badu. Izan ere, oraingo egoeran turkiarren arazoak, barnekoak zein Europar Batasunari begirakoak eta, jakina, kurduekiko gatazka, konponezinak baitira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo