GARA > Idatzia > Euskal Herria

Heriotza mehatxuak salatu ditu Xabier Etxeberria euskal presoak

Madrileko Soto del Real presondegian dagoen Xabier Etxeberria preso azpeitiarrak, kartzelako funtzionarioekin izandako liskar baten ondoren, espetxezain batek heriotza mehatxuak oihukatu eta tiro egiteko imintzioa egin ziola-eta, salaketa jarri du haren aurka.

GARA |

Xabier Etxeberria euskal preso politikoak Soto del Real espetxean heriotza mehatxuak jasan dituela salatu du. Joan den otsailaren 3an, funtzionarioak bera moduluz aldatzen ari ziren bitartean, espetxezain batek tiro egiteko imintzioa egin ziola-eta, salaketa ipini du haren aurka.

Etxeberria moduluz aldatu behar zuten aitzakia hartuta, Soto del Realen berarekin dagoen Eneko Aizpuru donostiar preso politikoa ziegan preso arrunt batekin jarri behar zutela esan zioten espetxezainek otsailaren 3an. Gazte donostiarrak uko egin zion horri, eta isolamenduarekin zigortu zuten kartzelariek.

Aizpururi elkartasuna helarazteko, bera ere isolamendura joango zela adierazi zien Etxeberriak kartzelariei. Hauek ezetz erantzun, eta egokitu zitzaion modulura eramaten ahalegindu ziren indarrez.

Amnistiaren aldeko mugimenduak ohar bidez azaldutakoaren arabera, kartzelarien asmoa eragozteko eginahalak egin zituen azpeitiarrak, eta orduan bi zerbitzuburu eta hainbat espetxezain bertaratu, eta denen artean, «bultzaka, tiraka eta mehatxuka» eraman zuten laugarren modulura. Tarte horretan, «tentsio uneak» sortu zirela adierazi zuen Etxeberriak, baita salatu dituen mehatxuak ere.

«Egon zaitez geldi, hil egingo zaitut eta!» edo «Orain ni naiz hilko zaituena, putaseme batzuk zarete, zuek ez duzue barrabilik, baina nik bai, zu hiltzeko», eta gisa horretako mehatxuak entzun behar izan zituen azpeitiarrak espetxezainen ahotik. Mehatxu oihuekin batera, gainera, kartzelari horrek eskuarekin, pistola balitz bezala jarrita, berari garondoan tiro egiteko keinuak egin zituela salatu du Etxeberria euskal preso politikoak.

Espetxezainekin izandako beste eztabaida baten ondoren, 2006. urtean, jipoitu egin zutela salatu zuen Etxeberriak. Orduan Estatu frantseseko Mureteko presondegian zegoen, eta lau kartzelariren artean jo ondoren, zigor ziegetan sartu zuten Etxeberria ia hamar egunez.

Sakabanaketa

Amnistiaren aldeko mugimenduak gogor salatu du gertaera, eta euskal preso politikoek, espetxezainen aldetik «probokazio, mehatxu eta eraso fisikoak» egunero jasaten dituztela ohartarazi du. Preso dituzten euskal herritarrak «eskubiderik gabeko pertsona balira bezala» tratatzen dituztela eta espetxezainek egoera horretaz «baliatu» egiten direla salatu du.

Euren herritik milaka kilometrora egoteak «jazarpen hau erraztu besterik ez du egiten» adieraziz, eta sakabanaketaren amaiera galdegin du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo