GARA > Idatzia > Ekonomia

LABek ez du Gipuzkoako eraikuntzako hitzarmenean atzerapausorik onartuko

Gaur ekingo diote patronal eta sindikatuek negoziaketa kolektiboari. LABen arabera, Adegik langileen eskubideak murriztu nahi ditu. LABek berriz, soldatak igo, lanaldia murriztu eta legea bete dadila exijituko du.

p021_f01_148x092.jpg

Amaia ZURUTUZA | DONOSTIA

Gipuzkoako eraikuntza sektoreko hitzarmen kolektiboa negoziatzen hasiko dira gaur patronala eta sindikatuak. Horren harira, LAB sindikatuak prentsaurrekoa eskaini zuen atzo, besteak beste, negoziazio mahaian aldarrikatuko dituzten neurrien berri emateko. Lehenik, sindikatuko Eraikuntza eta Kimika arloko arduradun Jabi Amorrortuk jarduera eta etekinak jaitsi egin direla argudiatuta «segur aski» Adegi langileen eskubideak murrizten saiatuko dela azaldu zuen.

Amorrorturen arabera, ordea, jarduera maila «normalean» kokatzen ari da orain, azken urtetan eraikuntzan marka guztiak hautsi dituzten irabazi eta jarduera mailak atzean utzita. Gogoratu zuen gainera izugarrizko jarduera izan zen garaiek ez dutela langileentzat hobekuntza handirik ekarri. Horregatik, eta negoziazio kolektiboetan beti egin ohi den moduan, langileen lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmena adostu behar dela aldarrikatu zuen. Betebeharreko premi- sa da hori LABentzat, izan ere, «ez dugu eskubideak murrizten dituen hitzarmenik sinatuko», adierazi zuen Amorrortuk.

Alde horretatik, eraikuntza alorreko langile guztiei dei egin zien «konfrontazio eta ofentsiba» jarrera har dezaten, esan zuenez, negoziaketa honetan hori izango baita hobekuntzak lortzeko tresna.

Aparteko orduak debekatu

LABek soldatak EAEko kontsumorako prezioen indizearen mailan eta beste hiru puntutan haz daitezen eskatuko du, baita 2010ean lanaldia 10 ordutan murriztu dadin ere.

Lanaldiaren murrizketa benetan gauzatu dadin aparteko orduak debekatu egin behar direla esan zuen Mikel del Valle Gipuzkoako Eraikuntzako LABko arduradunak. Ez hori bakarrik, hilero langileek soldata bera jaso dezatela eskatuko du sindikatuak. Izan ere, lan egindako ordu bakoitzeko kobratzen dute eraikuntzako langileek eta, batzuetan alde handia izaten da hilabete bateko eta besteko soldaten artean.

«Erredundantzia dirudien arren», Gipuzkoako obra guztietan, berau kudeatzen duen enpresa bertakoa nahiz kanpokoa izan, herrialdeko hitzarmena bete dadin exijituko du LABek negoziazio mahaian. Izan ere, del Vallek azaldu zuenez, bi eskuetako hatzekin konta daitezke Gipuzkoa osoan hitzarmena erabat betetzen duten enpresak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo