GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Sokatira Mundiala

Pisu txikietan izango dute euskaldunek aukerarik gehien

Abadiño, Amaiur, Sokarri, Badaiotz, Sakana, Beti Gazte, eta Ñapurrak lehiatuko dira kluben mailan, eta azken hauek nazio bezala ere bai, Frantzia ordezkatuz.

p045_f01.jpg

Jon LEUNDA

Gaur abiatuko da Cesenatico herrian, Italian, Munduko Goma gaineko Sokatira Txapelketa. Bertan, Abadiño, Amaiur, Sokarri eta Ñapurrak, gizonezkoetan, eta Badaiotz, Sakana eta Beti Gazte, nesketan, lehiatuko dira.

Gaur eta bihar kluben mailan arituko dira taldeak, eta hor hartuko dute parte euskal talde guztiek. Gero, larunbatean eta igandean nazio mailan arituko dira, eta hor Ñapurrak taldeak hartuko du parte, Frantzia ordezkatuz.

«Gure nahia lau egunetan lehiatzea zen, eta nazio mailan Euskal Herriarekin aritu zitekeen galdetu genuen, eta oraingoz Euskal Herriari parte hartzen ez ziotela uzten esan ziguten. Orduan, geure artean eztabaidatu ostean, nazio mailan parte hartzeko Frantziaren izenean aritzea besterik ez zitzaigula geratzen ikusi genuen, eta azkenean aukera hori onartzeko hautua egin genuen», esan zuen Gabi Etxartek, Ñapurrak taldeko nagusiak.

Taldeen aukerei begiratuta, dudarik gabe Abadiño, mutiletan, eta Badaiotz, nesketan, dira dominak lortzeko aukerarik gehien dituztenak. «Euskal Herriko Txapelketan ez dugu areriorik izan, eta agian hori izan da txarrena. Gu itxaropentsu goaz, badakigu zaila izango dela, baina dominaren batekin etxeratzeko itxaropena badugu», dio Jon Lapazaranek, Abadiñoko tiralariak eta Badaiotzeko entrenatzaileak.

Lapazaranek ez diete gainerako euskal taldeei aukera gehiegirik ikusten. «Azkeneko bi urteetan gauzak asko aldatu ez badira, behintzat, ez dut uste beste taldeek aukera handirik izango dutenik. Agian Amaiur izan daiteke aukeraren bat izan dezakeen beste taldea. Mutilen pisu txikian talde oso ona dute, eta aukeraren bat izan dezakete, baina ez dute erraza izango», dio tiralari eta entrenatzaile bizkaitarrak.

Betikoak

Lapazaranen ustez, dominaren lehian betikoak izango omen dira euskaldunekin batera. «Ingalaterra, Herbehereak eta Irlanda izan daitezke mutiletan, Japoniarekin batera. Herrialde horretako taldeak oso arriskutsuak dira, batez ere saioaren hasieran tokatuz gero. Oso indartsu hasten dira, eta lehen kolpeei eustea izaten da zailena», dio Jonek.

Emakumezkoetan, txinatarrak ere oso kontuan hartu behar direla ohartarazi zuen Lapazaranek. «Aipatutako mutil taldeen herrialdeetako taldeak izango dira geure aurkaririk handienak, eta gero Txinakoak ere oso kontuan hartu behar dira. Alde batetik Japoniakoen itxura badute, baina gero askoz ere talde dotoreagoak dira. Sokatiran bikain egiten dute, eta adi ibili beharko da haiekin ere», azaldu du Jon Lapazaranek.

Euskal talderik gehienek pisu txikian hartuko dute parte, denek ere hor ikusten baitituzte aukerarik gehien. Mutilen talde guztiak, azken orduko aldaketarik egiten ez badute, behintzat, 560 eta 600 kilotan lehiatuko dira. Abadiñok bi talde eramateko asmoa omen zuen, baina kirolari batzuk min hartuta dituenez, talde bat eraman du, nahiz eta litekeena den, 680 kilokorako Herbeheretako talde bateko tiralariekin taldea osatzea.

Emakumezkoetan arituko diren hiru taldeak, Sakanak, Badaiotzek eta Beti Gaztek, alegia, 500 eta 540 kilotan hartuko dute parte. Atzo arratsalderako talde guztiak Italian ziren, eta arratsaldean bertan egin zuten pisaketa. «Denak horren zain geunden. Aste gogorrak izan dira, pisuan mantentzeko izerdi asko bota behar da, eta oso gutxi jan. Okerrena hori izan da, gosea, gose asko pasa behar da pisuan sartzeko, eta behin pisaketa pasatuta, denak lasaiago arituko gara, normalago jateko moduan izango baikara», esan zuen Jon Lapazaranek.

Txapelketa gaur goizean abiatuko da, eta Abadiñok eta Badaiotzek lehen aukera izango dute aurtengo txapelketa honetan lehen domina lortzeko. Gainerakoak ere saiatuko dira Euskal Herri aldera berri onak bidaltzen, baina aipatutako horiek dituzte aukerarik gehien.

Dominak

Dominak lortzeko aukerarik gehien duten bi euskal taldeak Abadiño eta Badaiotz dira. Euskal Herriko txapel guztiak jantzi dituzte bi talde hauek eta zerbait egiteko aukera asko izango dute.

epaileak

Epaile euskaldunak ere izango dira Munduko Txapelketan. Ranero, Bengoa, Bilbao eta Uriarte izango dira kluben mailako lehiaketan epaile, eta Azarola, berriz, selekzio artekoan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo