«Konpromisozko eta trantsizioko» edizioa izango du aurten dFeriak
Sustatzaileek urte hasieran dFeriaren urtebeteko etena aurreikusten bazuten ere, azkenean dantzaren eta antzerkiaren erakusleiho den jaialdia ez da bertan behera geratuko. Aurtengoa, ordea, gogoetarako edizioa izango da eta aurreko urteetako aurrekontuaren erdiarekin gauzatuko dute.
Ariane KAMIO | DONOSTIA
Urte hasieran, Victoria Eugeniako antzerki programa aurkeztu zenean, Donostiako Kultura zinegotzi Denis Itxasok iragarri zuen aurten, behinik behin, dFeria antzerki eta dantza jaialdiak ez zuela jarraipenik izango. Emandako arrazoiak krisi ekonomikoaren eragina eta sektorearen egoera ezegonkorra izan ziren, besteak beste. Erabaki horrek, ordea, harrabotsa sortu zuen dantzako zein antzerkiko profesionalen artean eta, Donostiako Udalarekin egindako hainbat bileren ondoren, eta aurrekonturako laguntza apurra izatea lortuta, dFeria ez etetea erabaki zuten.
Aurtengoa, ordea, ez da ohiko jaialdia izango, besteren artean, esku artean duten aurrekontua aurreko urteetakoaren erdia izango delako (350.000 euro inguruko aurrekontua izatetik 174.000koa izatera pasa da). Denis Itxasok prentsaurrekoan agertu zuenez, edizio hau «konpromisozkoa eta trantsiziozkoa» izango da; izan ere, etorkizuneko jarduera ildoak zeintzuk izango diren finkatzeko beharraz jardun zuen eta, hori bideratzeko, lan talde berezi bat sortuko dela argitu, datozen jaialdietako «gidak» zeintzuk izango diren zehazteko. Oraingoan, beraz, guztira hamabi taldek hartuko dute parte eta guztiak Euskal Herrikoak izango dira, nahiz eta aukeraketa batzordeak oraindik ez dituen parte hartzaileen izenak zehaztu. Aurrekoetan bezala, ikuskizunak Gazteszenan eta Antzoki Zaharrean egingo dira, eta Victoria Eugenian «arrakasta handiena» izan dezaketen saioak eskainiko dira.
Data finkatzeke
Itxasok agertu zuenez, dFeria ekaineko bigarren hamabostaldian egingo da, baina oraindik zehazteke dago zein asteburutan egingo den. Nolanahi ere, hiru egun iraungo ditu jaialdiak, eta 72 ordutan hamabi erakustaldi eskainiko dira, guztiak aretoetan gauzatuko direnak. Aurrekontuaren murrizketak, gainera, izango du bere eragina eszenetako taldeengan, eta beren ohiko ordainsariaren %50 soilik ordainduko zaie. Jaialdirako, gainera, gehienez 100 programatzaile gonbidatuko dituzte, eta aurrekontua, oro har, beharrezko gastuetara bideratuko da.
Kultura zinegotzia, Arantza Balenciaga, Ana Remiro, Aizpea Goenaga, Xabier Agirre, Amaia Ibañez eta Ana Pimenta ordezkari artistikoekin batera agertu zen prentsaren aurrean. Pimentaren arabera, «sekulako akatsa» litzateke dFeria kultura egutegitik kanpo uztea, eta egungo krisi ekonomikoa, bere iritziz, «pisuzko argudioa da» egitasmo horri eusteko. Ildo horretatik, soilik euskal taldeen parte hartzea izateak «salbuespena» behar du izan, «tokikoa izatea endogamikoa eta arriskutsua delako eta mugaz gaindikoa eta bidaiaria den kulturarekin talka egiten duelako».
Euskal eszena jasaten ari den ikusle kopuruaren jaitsiera ere kontuan hartu zuten, horregatik, deskontuak eta salneurri baxuak izango dituzte dFeriako ikuskizunetako sarrerek.