Desafioa
Otaegi eta Txikon lehengo erara neurtuko dira
Harri-jasotzen, aizkoran eta korrikan lehiatuko dira datorren igande eguerdian Azpeitiko zezen-plazan.
Jon LEUNDA
Datorren igande eguerdian Azpeitiko zezen-plazan neurtuko dira Joseba Otaegi eta Alex Txikon. Aspaldian egin ez den moduko desafioa izango da. Hasteko, 100 kiloko zilindro zaharra 25 aldiz jaso beharko dute, ondoren 14 enbor kana-erdiko erdibitu, eta azkenik 7 kilometro korrika egin.
Bi kirolariek diote ongi prestatuta daudela, eta bakoitza bere arloan, Otaegi aizkoran, eta Txikon korrika, saiatuko da besteari aldea ateratzen. «Garbi daukat aizkoran aldea atera behar diodala. Harri-jasotzen ez dut uste alde handiak izango direnik, eta korrikan bera gehiago da. Beraz, apustua irabaziko badut, aizkoran 7 minutu inguru kendu behar diot», esan du Joseba Otaegik.
Txikonek, berriz, lasterketa probara ahalik eta alderik txikienarekin heldu nahi du. «Harri-jasotzen ez dela alde handirik egongo diote, baina nik 76 kilo besterik ez ditut, eta bera oso mutil handia da. Beraz, gure artean aldea badago. Aizkoran saiatuko da bera alderik handiena ateratzen, eta nik eutsi egin behar diot eta horretan saiatuko naiz, gero korrika alde hori laburtu eta irabazi ahal izateko. Badakit apustu zaila dudala, baina saiatuko naiz irabazten. Azken batean hau iraupeneko proba bat da, eta burua fresko mantentzea ere oso garrantzitsua da», dio bizkaitarrak.
Otaegiri kezkarik handiena korrika saioak ematen dio. «Azkena egin beharreko lana izango da, eta aurretik beste bi lan oso ezberdin eginda helduko gara, beraz, biok iritsiko gara nekatuta, eta hori mesederako dut. Hala ere, korrika saioak kezkatzen nau. Zezen-plazan itzulika ibili behar da, eta ez da asfaltoan edo lasterketa pista batean ibiltzea bezala. Azken batean hanka bat gehiago kargatu behar da, eta hor sokaren ondoan joan edo kanpoaldetik joan ere segundo batzuetako aldea egon liteke», azaldu du.
Korrika saioak ez du kezkatzen, baino uste baino gogorragoa dela ikusi du Txikonek: «Ez naiz zezen-plazan entrenatu, baina Lemoako hondarrezko futbol zelaian aritu naiz, zezen-plazako neurriak hartu eta korrika, eta oso gogorra da, uste baino gehiago», esan du.
Joseba Otaegi Euskal Herriko Lehen Mailako finalean izan zen, eta azkenaldian gorakada handia egin du. Zaleek berarengan itxaropen handia dute, baina ez du bere burua presionatuta sentitzen: «Ez, ez, jendearen presioa baino nik neure buruari eskatzen diodana gehiago da», esan du zizurkildarrak.
Lanak bukatzeko beharko duten denboraz galdetuta, biek berdintsu pentsatzen dute: «Nik uste dut irabazten duenak ordu eta laurden eta ordu eta erdi tarte horretan ibili behar duela», dio Otaegik
«Azkenean, denbora zehaztea ez da erraza. Izan ere, gauza bat da entrenamenduetan aritzea, eta beste bat lehiatzen aritzea, azken baten nerbioak, gorputza, ez baita berdina izaten, baina uste dut hori izan daitekeela denbora, ordu eta laurden, ordu eta erdi inguru hori», erantsi du Txikonek.
Ikusmina badago, aspaldian ez baita era honetako apusturik jokatu. Diruak, berriz, Joseba Otaegiren aldeko joera dauka, eta horrela izaten jarraituko du azken egunera arte.
Alex Txikon ohituta dago lan gogorretara, eta igandean ere horrelaxe egin beharko du. Datorren martxoan mendira abiatuko da, eta itzuli aurretik bi zortzimilako egin nahi ditu. «Begira, abenduaren 21ean Bizkaiko Aizkolari Txapelketan hirugarren izan nintzen, eta datorren ekainera arte ez nuela aizkorarik ukituko ikusi nuen, beraz zerbait egin behar nuela pentsatu nuen», dio Alexek.
Beraz, mendirako prestakuntzarako balio zuen zerbait egin nahi zuen, eta apustu gogorra egin arren, mendirako oso prestakuntza ona dela dio. «Egun askotan aritu naiz Amaiurren lanean. Handik, nire lana bukatutakoan, Mallabira etortzen nintzen harriak jasotzera. Gero entrenamenduko beste bi zatiak egitera, berriz, Lemoara. Beraz, pentsa zenbat ordu ibili behar izan dudan. Baina gero mendirako oso baliagarria da hori», azaldu du.
«Esaten didate apustu honetan gehiegi eman dudala eta agian egia da. Azpeitian batu ginenean, ni desafio hau sinatzera joan nintzen. Otaegik, berriz, mahaian irabazi nahi izan zuen, baina ez daukat damurik», dio Txikonek.J.L.