GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Sonia Gonzalez Idazlea

Dirurik ezean, eskubiderik ez

Dirurik ezean, duintasunik ez. Eta egia gordina dirurik ez dagoela da. Ez dago guretzat, jakina, existitu existitzen delako, baina gero eta esku gutxiagotan. 85 milioi pobre Europan, eta horietako askok, gainera, lan egiten dute

Krisialditik aterako gintuztela esan zuten, nahiz eta denok jakin horrek euren krisialditik euren burua aterako zutela esan nahi zuela. Bankuei diru publikoa oparitu zieten lehenik eta behin, enpresak hainbat erraztasun eta zerga jaitsierarekin saritu zituzten segidan. Jendilaje horrek bai, baina jende arruntak, langileak, beste batzuen poltsikoetan amaitzen duen aberastasuna sortzen duen jendeak ez du ikusi ez oparirik, ezta saririk ere, kontrakoa baizik.

Aspalditik dabiltza gure pentsioen atzetik. Imajinatzen ditut, larruzko jesarleku erosoetan, bulego garbi eta distiratsuetan, txokorraren hautsa zilbota hanpatuetatik astintzen, barrezka, desiratutako negozioa azkenik benetan martxan ipiniko dutela amesten. Inoiz pentsatu al duzue guztiok gure bizitza osoan zehar pentsio pribatu bat finantzatzeko hilabetez hilabete bankuari pagatuz gero, zelako diru bolumena izango litzatekeen? Etxebizitza-kredituen negozioa horren alboan ezerezean geldituko litzateke. Lar goxoa. Ezin ihes egiten utzi.

Eta ez nabil orain espainiar Estatuari buruz. Krisialdi orokor hau aitzakia orokor bihurtu da mundu «zibilizatu» orokorraren jabe partikularrentzat. Begiratu zer ari diren planteatzen europar herrialde guztiak Europar Batasunaren aginduei jarraiki; begiratu zelako pribatizazio neurriak ipini dituzten dagoeneko martxan azken urteotan. Eraso orokorra da. Greziari «eskatutakoa» oso argigarria da: ukitu behar dituen puntu nagusiak pentsioak, osasungintza eta sektore publikoa dira. Hau da, pribatizazio basatiaren gorakada honetan ez dadila ezer publikorik sano gelditu. Irakaskuntzan, unibertsitateari dagokionez jadanik eginda daukate: ikasteko eskubidea irabazteko modu bakarra dirua izatea da. Dirurik ez dutenek premiarik ere ez dute ezer ikasteko, eskulan merkea izateko baino ez dira jaio eta ez burua tontakeriaz betetzeko.

Beste eskubide guztiak ere modu berean lortzen dira eta denbora kontua baino ez da geratzen diren apurren apurrak horrela lortzeko. Dirurik izan ezean, etxebizitzarik ez, osasunik ez, zahartzarorik ez. Dirurik izan ezean, duintasunik ez. Eta atzo bertan egunkari honek zekarren moduan, egia gordina dirurik ez dagoela da. Ez dago guretzat, jakina, existitu existitzen delako, baina gero eta esku gutxiagotan. 85 milioi pobre Europan, eta horietako askok, gainera, lan egiten dute.

Horrelakoetan beti gogoratzen dut gure amak mundua ikusteko duen modua. Berarentzat lana topatzea eta lanean aritzea heziketa eta ahalegin kontua da. Enpresa berean, ondo eginez gero, azken postutik gora egin daitekeela sinisten du oraindik. Dirua aurrezten ez bada, dirua alferrik gastatzen delako izaten dela uste du. Azken batean, langilea izanez gero, apurka eta kostata, baina beti egiten dela aurrera eta urtetik urtera gero eta bizimodu hobea izango duzula pentsatzen dutenetako bat da gure ama. Normala, berari horixe tokatu zitzaion. Garaiak hobera egiten zuen heinean, familiak ere hobera egiten zuela ikusten zuenez, nork ulertarazi ez dela beti horrela izan eta garai horiek aspaldi pasatu zirela? Hitz bitan: berak ere bere garaian ez zuen irabazi ikasteko eskubidea eta ez zen jaio burua tontakeriaz betetzeko...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo