GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Mikel Zabala Euskal Presoak Euskal Herrira herri ekimenaren izenean

Adierazpen askatasuna, batzuentzat bakarrik?

Alderdien Legearen kontra zaudetela esan eta aurpegia garbitu nahiko duzue, baina ederki asko ari zarete aprobetxatzen lege hori, «ezker abertzalearen aurka denak balio du» lema praktikan jartzen eta aurrera eramaten

Lotsagarria, benetan lotsagarria aurtengo Inauterietan bizitzea tokatu zaiguna Tolosako Udalaren jokaeragatik eta, bereziki, zureagatik, Jokin, herriko alkate zaren aldetik.

Azken hamaika urte hauetan Inauterietan sagardotegia muntatu izan dugu Abastos plazan, eta aurten, etengabe, aurreneko egunetik, zuen zentsura eta indar polizialaren jazarpena ere jasan behar izan ditugu.

Urtero, jendeari sagardotegira hurbiltzeko deia edo gonbidapena egiteko inprimatu izan ditugun kartelak, eskualdeko presoak mozorrotuz egin ditugu, gogoan ditugula adierazteko eta nolabait gurekin batera ospa ditzaten Inauteriak. Aurten, udan eta udaz geroztik presoen argazkiak direla-eta sortu den -sortu duten- arazoa ikusirik (eraildako bat eragin zuena gainera, Remi gogoan!), liskarrak ekiditearren, arazo horren inguruko kritika politikoa egiten zuen kartel bat inprimatzea erabaki genuen, adierazpen askatasunerako eskubidearen jabe ginelakoan.

Baina, dirudienez, kartel horrek min egin zizun, Jokin. Ez dakigu zergatik, bertan zuk esandako hitzak besterik ez baitziren agertzen. Min egin zizun eta udaltzain guztiak sartu zenituen beraiekin zerikusirik ez zuen gerra batean. Guk kartelak jartzen eta beraiek kentzen, zipaio lanak egiten.

Larunbatean, jaien hirugarren egunean, hain zuzen ere, kalean elkar topatu genuen eta kartelak kentzeari buruz zuri galdetu ostean, esan zenigun zuk emana zela udaltzainei horiek kentzeko agindua, herria txukun mantendu behar omen zelako. Orduan, zergatik kendu behar dira sagardotegiko kartelak soilik, eta ez (eta ez daukagu ezer horren kontra, jakina, alderantziz baizik) emakumeei egiten zaizkien erasoen kontrakoak, adibidez? Agian zuek atera dituzuelako? Zuen kartelek ez dute herria zikintzen eta gureak bai? Gauza bitxiak gertatzen dira gure herrian.

Hori gutxi balitz bezala, Hausterre egunean garbiketa brigada bidali zenuen Abastos plazan apaingarri gisa jartzen ditugun pankartak kentzera (geratzen zirenak, Ostegun Gizenean eta larunbatean ere zipaioen bisita izan baikenuen, eta guztiz legalak diren aldarrikapenak zituzten pankartak eraman baitzituzten).

Jakin badakigu zu eta sostengatzen zaituen alderdia, EAJ hain zuzen ere, hobeto moldatzen zaretela PSOE eta PPko espainolistekin abertzaleekin baino, ikusi besterik ez dago azken urteetako ibilbidea, Joxi eta Joxeanen erailketaren urtemugan manifestazioaren debekuaren aurrean Madrili men egiten, Aresekin lortutako akordioa, eta abar.

Gero, Alderdien Legearen kontra zaudetela esango duzue eta aurpegia garbitu nahiko duzue, baina ederki asko ari zarete aprobetxatzen lege hori, zuek nahi duzuena egiten administrazioetan eta «ezker abertzalearen aurka denak balio du» lema praktikan jartzen eta aurrera eramaten. Jarrera horiek zertan aldentzen dira frankismo garaietako zentsura eta eskubide urraketetatik?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo