GARA > Idatzia > Euskal Herria

Etxeratek presoen alde mobilizatzeko deia egin du biharko

Janire ARRONDO |

«Indarrean dagoen espetxe politika kriminala» gogor kritikatu zuen atzo Etxeratek, eta dei egin zuen bihar, hileroko azken ostiraletan ohiko den bezala, herri eta hirietan presoen eskubideen alde elkartzera. Hainbat kolektibotako ordezkariak babesa emanez bildu ziren beraiekin, hala nola: LAB, ESK, ESTEE-EILAS, Bai Euskal Herriari, EHE, Esait, Askapena, Elkartzen eta Herria 2000 Eliza.

Etxeraten izenean, Josune Dorronsorok gogora ekarri zituen Mikel Garmendiaren senideek izandako auto istripua, eta aste gutxi lehenago Jon Zubiaurreren gurasoek izandakoa; aita oraindik ospitalean dago.

Sakabanaketak «hil» egiten duela eta «odoluste ekonomikoa» dakarrela salatu zuen, eta Xabier Etxeberria presoak jasandako «heriotza mehatxuak» ere ahotan izan zituen. Etxerateko kideak gaineratu zuenez, isolamendu eta sakabanaketa bezain «salagarria da» «bizi osorako zigorra» aplikatzea.

«Gure arteko batasuna apurtzea dute helburu eta presoak euren inguru afektibo, sozial eta politikotik aldendu nahi dituzte». Hala ere, presoen alde lanean jarraituko dutela argi utzi zuen, eta «umiliazio saiakera» horiek guztiek eurengan ez dutela eraginik izango: «Ez dute euren helburua lortuko, guk duintasunez eta tinkotasunez erantzungo diegu».

Bestalde, Ailande Hernandez Langraitzen espetxeratu zuten atzo, ezarritako bost urteko kartze- laldia betetzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo