GARA > Idatzia > Ekonomia

«Erronkariko gazta» ekoizteko kanpoko ardi arrazak ez onartzeko eskatu du EHNEk

p019_f01_097x072.jpg

GARA

Nafarroako latxa ardiaren artzainek elkarretaratzea egin zuten atzo, Iruñeko Gazteluko Plazan, EHNE sindikatuek deiturik. Erronkari Jatorri Izendapeneko gazta dela-eta egin zuten protesta ekintza, izan ere, izendapen horren araudian egin nahi duten aldaketari -«assaf» eta «lacaune» arrazako ardien esnearen erabilera baimentzeko-, Bruselak ezezkoa eman dio, baina halako esnea erabiltzeko zabaldu zen behin-behineko epeak indarrean jarraitzen du, sindikatuak gogorarazi zuenez. Horren ondorioz, Erronkariko gazta egiteko industriak arraza horien esnea biltzen jarraitzen duela salatu zuen EHNEk.

«Erronkari Jatorri Izendapenaz ez daitezela baliatu, ez diezazutela iruzurrik egin» lelopean, Nafarroako Legebiltzarreko atarian ere egin zuten ardiz, gazta dastatzeaz eta antzerkitxo batez osaturiko protesta ekintza.

Izan ere, Legebiltzarrak CDNk aurkeztutako mozio bat eztabaidatu behar zuen, Nafarroako Gobernuari eskatzeko Europako Batzordearen erabakiaren aurkako helegitea jar dezala. Hori dela eta, EHNEk Legebiltzarreko taldeei eta Gobernuari eskatu zien erantzukizunez jokatzeko eta Europako Batzordearen erabakia onartzeko. Hala ere, CDN eta UPNren botoekin, Parlamentuak mozioa onartu, eta «lacaune» eta «assaf» arrazak Erronkari Jatorri Izendapeneko gaztan erabiltzeko baimena eskatu zuen.

Fermin Irigarai, EHNE-Nafarroako presidenteak azaldu zuenez, Batzorde Arautzaileak soilik du Bruselako erabakiari helegitea jartzeko gaitasuna eta Nafarroako Gobernuaren betebehar bakarra Jatorri Izendapenaren erabakiaren izapideak betetzea da. EHNEk eskatuta, batzorde horrek bihar egingo du bilera.

Orain arte Bruselak ezetza eman dio eskaerari, «ez duelako indartzen ekoizpenaren lurraldearekiko lotura».

Irigaraik esan zuenez, kontsumitzaileek jakin behar dute jatorri izendapena ez dela merkatu estrategia bat, atzean kultura bat duen produktu berezi baten babes neurria baizik. Aldaketa horrek soilik industriei egiten diela mesede ohartarazi zuen, eta ez Nafarroako artzainei.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo