GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Jon Urrusolo, Ester Hernandorena eta Leire Nalda LAB-Irakaskuntzako kideak

Nafarroako ikastolen geroa eraikitzen

Oraindik garaiz gabiltza, Euskal Herriko ikastola guztien Kooperatiba eratze-prozesuan langile zein familia guztiek zeresanik badute-eta

Badira urteak Nafarroa Garaian euskaraz ikasteko lehenengo etxe eskolak eta geroago ikastolak sortu zirela. D ereduaren aldeko ibilbidea luzea eta gatazkatsua izan da, betidanik Nafarroako Gobernuak izan duen jarrera euskararen aurkakoa izan baita. Berezko euskal hezkuntzan emandako aurrerapausoak herri mugimenduari aitortu behar zaizkio, espainiar eta frantziar estatuen jarrerak ez baitute ezertan lagundu, etengabeko trabak zein erasoak sortuz. Ikastolen mugimenduan, ikastola bakoitzaren atzetik familien eta langileen aparteko lana eta konpromisoa kokatzen dira, bakoitzak bere historia, bere izen-abizenak ditu. Horrela eratu da ikastoletako proiektua, herriz herri, ikastolaz ikastola.

Egun Nafarroa Garaian 15 ikastola ditugu, batzuk egoera osasuntsuan eta beste batzuk, berriz, etengabeko biziraupen lanetan. Eremu ez euskaldunean dauden sei ikastolek galera baino ez omen dute sortzen eta etorkizunean aldaketa handirik ez da sumatzen, Nafarroako Ikastolen Elkarteak (NIE) egindako ikerketaren arabera, 2010-15 urteetan ikastola horietan bost milioiko defizita aurreikusten da-eta.

1986. urtean Nafarroako Gobernuak ateratako Ley del Vascuence dela eta, Nafarroa Garaiko hegoaldean D ereduan ikasteko aukera bakarra ikastolek baino ez dute eskaintzen. Are gehiago, ikastolek betetzen duten funtzioa ikasketak euskaraz egiteko eskaintzatik haratago doa, euskal kulturaren ikur eta euskaltzaleen bilgune bihurtu baitira. Olentzero edo herri inauterietako pertsonaiak kalejiran ateratzearekin batera euskara eta euskal kultura lau hormetatik kanpo zabaltzen dira, esaterako. Ikastolen proiektua inon premiazkoa eta bultzatu beharrekoa bada, eremu honetan da. Beraz, galera edo irabazia aipatzerakoan, geuri dagokigu azterketa zertan oinarritu erabakitzea, ekonomia hutsean edo heziketa proiektuak egiten duen eskaintzan. Azken finean, ez al da euskara herri honetan egin dezakegun inbertsorik onenetarikoa?

Lodosa-Sartaguda eremuan dagoen Ibaialde ikastolan ikasturte honetan euskaraz ikasi ahal izateko egoera ekonomiko larri-larria izan dute, ikastetxea ixteko arriskuagatik alarma gorria pizteraino. Egoera horri irtenbidea eman bazaio ere, etorkizuna inongo ziurtasunik gabekoa aurreikusten da, oraindik ikastola honek eta antzeko egoera jasaten dutenek epe luzeari begira behar bezalako plangintzarik gabe jarraitzen baitute. Tokian tokiko arazo horiei denon artean bilatu behar diegu konponbidea.

Zeintzuk dira orain arteko balizko aukerak? Eusko Jaurlaritzak emandako diru-iturriaren arabera jokatzea? Madrilen ala Nafarroako Gobernuaren borondatearen zain egotea? Une politiko eta ekonomikoaren arabera jokatzetik haratago, bada garaia Nafarroa Garai osoko ikastoletako premiak biltzen dituen bideragarritasun plana egiteko. Hauxe da NIEk eta ikastola guztiek egin beharreko lana. Zeregin honetan, Nafarroa Oinez-en izaera ere aztertu beharra dago. Jaialdi horretan lortutako diru-iturria inbertsio moduan planteatzean, ikastola guztietako egoera kontuan hartu behar dugu, non dauden indarguneak eta non ahuleziak, beti ere Nafarroa Garaia osoan ikastoletako proiektua sendotu nahian.

Horrez gain, oraindik Nafarroako Ikastolek konpondu beharreko beste auzia aurreko ikasturtean eratutako Kooperatibaren ingurukoa da, zeinak Euskal Herriko ikastola guztiak bildu behar dituen. Joan den ekainaren 13an Zamudion egindako batzarrean ikastolek, gehiengo zabalean, erakunde berria sortzea erabaki zuten. Lehenengo aldiz Euskal Herriko ikastola guztiak aterpe komunean kokatzen dira, kohesioa indartuz eta ikastolak duen hezkuntza proiektua bilduz.

Hala ere, hutsuneak nabariak izan dira hasieratik. Asmoa Kooperatiba eratzeko prozesua ahalik eta parte-hartzaileena izatea bazen ere, Nafarroa Garaian horren inguruko eztabaida egiteko tarterik ia ez dugu izan. Informazio falta nabaria izan da eta oraindik hainbat galdera argitzeke daude.

Bestalde, egun EAEko eta Ipar Euskal Herriko ikastola guztiak Kooperatiba barruan dauden bitartean, Nafarroa Garaian Tuterako ikastolak baino ez du pausoa eman. Nondik dator desadostasuna, horrela bada? NIEri zein eratu berri den Kooperatibari dagokie informazioa zabaltzea eta parte-hartze zabala bermatzea. Oraindik garaiz gabiltza, Euskal Herriko ikastola guztien Kooperatiba eratze-prozesuan langile zein familia guztiek zeresanik badute eta.

Irakurketa honekin batera, LAB sindikatuak bere kezka adierazi nahi du. Nafarroa Garaiko ikastolen etorkizuna dugu tartean, lurralde osoan ikastoletako proiektua sendotu dadin, Euskal Herriko ikastola biltzeko asmoa duen Kooperatiba eratze-prozesuan familia zein langile guztien parte-hartzea bermatua izan dadin. Une honetan LABek Euskal Herrian eraiki nahi duen berezko hezkuntza sisteman, Euskal Herri osoan euskalduntzea bermatzen duten ereduak ezinbestekoak ditugu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo