GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

«Profesionaletan txarrenak ere zuk adina jokatzen du»

p039_f01_199x116.jpg

Mikel Idoate | Aspeko pilotaria

Mikel Idoate Rey 1989ko abuztuaren 8an jaio zen Iruñeko Txantrea auzoan. Afizionatu mailan hainbat garaipen lortu ditu, eta hilabete luzez Asperekin entrenatzen ibili ostean, bihar Barañainen egingo du debuta profesional mailan. Eulaterekin jokatuko du Berasaluze IX.a eta Goñi III.aren aurka.

Asier AIESTARAN

Hogei urte bakarrik eduki arren, jator eta heldutasun handiz erantzun ditu GARAk proposatutako galderak. Jokoan ere heldutasun hori lortzea du bere helburu nagusia.

Nola jaso zenuen profesional mailan debuta egiteko berria?

Oso pozik. Aurreko astean esan zidaten Eibarrera joan behar nuela kontratua sinatzera, eta bertan aipatu zidaten ostiralean egingo nuela debuta pilotari handi horiekin. Niretzat amets bat betetzea bezalakoa izan da, beti nahi duzu pilotari profesionala izatera iritsi, txikitatik buruan daukazun zerbait da, eta azkenean lortu dugu.

Esan behar da, hala ere, denbora zeneramala profesionalekin entrenatzen eta tartea izan duzula apur bat «aklimatatzeko».

Bai. Duela urte pare bat hasi nintzen Jokin Etxanizekin entrenamendu solte batzuk egiten eta Aspeko pilotariekin lanean. Baina batez ere azken urte honetan hasi naiz gehiago entrenatzen. Besteak beste, Irujorekin ibili naiz Lau eta Erdiko finala prestatzen. Azkenaldian astero entrenatzen naiz beraiekin eta Tolosan Lillorekin lan fisikoa egiten dut. Aspeko zortzi pilotari gabiltza berarekin.

Beraz, afizionatu mailatik profesional mailara dagoen jauzia antzemango zenuen.

Bai, alde handia dago. Denek jokatzen dute ikaragarri, denetan txarrenak jada zuk adina jokatzen du, eta fisikoki guztiak oso ongi prestatuta daude. Pilotaren abiadura asko nabaritzen da, jokoaren erritmoa, eta pilotak ere dezente aldatzen dira. Pisu gehiagoko materiala erabiltzen da eta eskua ez baduzu ondo sartzen, ez dago ezer egiterik.

Zenbaitek ikusiko zintuen afizionatu mailan jokatzen, baina besteentzako, nola definituko genuke zure jokatzeko modua?

Ezkerra naiz, eta batez ere errematatzea gustatzen zait, jokoan asko sartzea, bai airez, bai botera. Tantoa azkar bukatzea gustatzen zait, edo horretan saiatzen naiz behintzat. Zentzu horretan nahiko ausarta naizela esan daiteke, pilotari bizia.

Eta zertan iruditzen zaizu hobetu beharko duzula aurrerantzean?

Batez ere nire burua kontrolatzen. Esan nahi dut, partidak luze joaten direnean edo gauzak ez badira ongi irteten partidan sartuta egoten ikasi behar dut. Baina hori denborarekin ikasiko dut. Eta noski, denean hobetu daiteke: gantxoa, botera jarri eta tantoa amaitzea, defentsa...

Hiru urterako sinatu duzu kontratua. Epe polita da apurka ofizioa ikasten joateko.

Ongi dago. Lasaitasun puntu bat ematen dizu, partidetara gehiegizko tentsioarekin ez irteteko. Bestela, askotan kantxara ateratzen zara zure etorkizunean jokoan baino gehiago pentsatzen, eta hori ere ez da ona. Denbora badago eta nire aldetik aprobetxatzen saiatuko naiz.

Afizionatuetako zure garaipen zerrendan lau eta erdiko, buruz buruko nahiz binakako garaipenak ageri dira. Jokamolde guztietan ongi moldatzen zarela esan al dezakegu?

Egia esan, buruz buru zerrenda horretan ageri den horixe bakarrik jokatu dut (barreak). Baina lau eta erdian bai, txapelketa asko jokatu ditut eta Elgetakoa 2005ean irabazi nuen. Asko gustatzen zaidan distantzia da eta eroso sentitzen naiz. Buruz buru gehiago kostatzen zait eta entrenamendu gehiegi ere ez ditut egin hori prestatzeko. Gehien jokatzen duguna binakakoa da eta hor ez dago sekreturik.

Lehen partida Eulaterekin jokatuko duzu Asier Berasaluze eta Fernando Goñiren kontra.

Partida oso gogorra izango da. Fernandok izugarri jokatzen du, sekulako atzelaria da, eta Asierrek badakigu nolako eskuina daukan. Sakearekin min egiten du eta ezkerrarekin ere badaki bukatzen. Gainera ez dizu erritmoa hartzen uzten, indarra ematen dio pilotari eta bere pilotakadak eramatea bihurtzen da zure buruhauste nagusia.

Barañainen jokatuko duzu gainera, etxetik hurbil.

Bai, oso hurbil. Ni Iruñean bizi naiz, Txantrean, eta Barañain oso gertu dago. Jende asko joatea espero dut. Nire familia han izango da, lagunak ere bai, ezagun asko... Ea giro ona dagoen. Guk ahal duguna egingo dugu eta ea ikuskizun polit bat ematen diegun guztiei.

Eta beste nafar bat profesionaletan. Gehiengoa zarete, alde nabarmenarekin.

Hori dirudi bai. Eta behetik ere badator maila oso ona ematen ari den jende berria: Zabaleta, Jaunarena, Ansotegi... Ez dakit zer gertatzen den beste lekuetan, ze badakit afizionatu mailan oso pilotari onak daudela, baina agian azken urratsa ematea falta da. Auskalo!

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo