GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Fito Rodriguez bornaetxea Idazlea

Aio, jakintsu eta leial hori

Inor, herioak eramana, desagertzen denean, ordezkaezina zela errepikatzen ohi du topikoak. Halere, topikoak topiko, honela esango nuke nik utzi berri gaituen Joxemiel Bidador idazleaz eta, halaber, adiskide kirmenaz.

Izan ere, ingurukoak hil egiten direla, haietaz agerrarazten ditugun sentimenduak bizitzearen aldeko sentikizun ere badira, eta horregatik sentitu egiten ditugu zure hutsunean zureak izan diren sentiberatasun poetikoa eta jakin-min gogaberaren galera, utzi dizkiguzun olerkietan nahiz entseguetan ondua.

Baina bizitza, itzulezina izan arren, haren emariak badihardu, iraun ere, eta hura da ordezkaezin bihurtzen dena. Zuk bizitutakoa, eta zuk idatzitakoa ordeztezinak baitira.

Ez zaitu, halere, herioak hartu behar bezalako barrerik egin gabe. Kontrakoa eman arren, Euskal Idazleen Elkartearen arduretan ez dago beti literaturarako astirik. Aitzitik, nahiz eta askotan idazleon habia atsekabearen eskergaiztxoko bilakatu zure alegeratasunak zabaldutako pozaldia izan da maiz gure aterpe onena, eta ahaztezina. Lanean nahiz kezketan, bileretan nahiz buruhausteetan buruko mina irriberaz ezabatzen bazenekien. Maitekorra izan zarelako. Eta, agian, maitasunak, ezinbestean, norberaren heriotzara eramaten gaituelako neurri batean, eraman zaitu zu bere altzora horren azkar.

Herioa, dantzari trebea, eta hitza, dardaratia, elkartu dira zure sorkuntzan, zure emarian. Ez zen zurea denbora galduaren bila aritzea eta zure denbora ez da bukatu, agortu arren, gurekin dantzan dabilelako zure idazkietan.

Gu baino azkarrago izan zara, hala nafarreraz nola batuerazko adieretan, denok egin beharreko bidea jadanik burutu duzulako, eta opari oparoak utzita.

Zureak irakurtzerakoan orain aldian egongo zara, iraganerako kondena gainditurik, bai eta geroan ere, gure munduko, gure Euskal Herriko iragana, orainaldia eta etorkizuna hobeto ulertzen lagunduko diguzularik.

Eta hiltzeko garai onik inoiz ez badago ere, bizitzan zerbait emana utzi duzula ezin da ukatu.

Hunkituta gaude, zure jakinduria eta leialtasuna ez dugu hemendik aurrera bidaide izango baina, izan dugu, ordea, eta plazera izan da...

Agonia luzeak izaten dira garratzenak, eta zu ez zara inoiz garratz izan, jakintsu eta leiala baizik.

Hil zarela esan zidatenean/ hartu nuen hotzlarria,/ zure falta eta egarria,/ utzi baikaituzu bat-batean...

Eta ezin egon bakean/ zure izaera apala/ nahiz jakinduri zabala/ betiko galdu dugunean

Eragin duzun arrakala/ ezin da izan makala./ Aio, jakintsu eta leiala.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo