GARA > Idatzia > Kultura

«Iparraldea XXI», Ipar Euskal Herriaren ikuspegi gaurkotua, aurreiritziez harago

Gipuzkoako Aldundiak eta Euskal Kultur Erakundeak «Iparraldea XXI» DVDa plazaratu dute, Ipar Euskal Herriari buruzko irudi dinamiko eta eguneratua eskainiz, aurrez ezarritako estereotipoetatik urrun.
p041_f02_097x096.jpg

Ariane KAMIO | DONOSTIA

Ipar Euskal Herria lurralde ezezaguna da euskaldun askorentzat, gehienetan haiengan ezarriak dauden aurreiritziek eraginda. Lurralde isil, hotz eta desberdintzat hartzen dute askok eta Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Behereko tokirik turistikoenak izan ohi dira sona handiena dutenak, kostaldeko gune turistikoak gehienbat.

«Iparraldea XXI» bideo-erreportajeak aurreiritzi horiek guztiak albo batera utzi, eta Ipar Euskal Herriaren ikuspuntu eguneratu eta gaurkotua eskaintzen du. Gipuzkoako Aldundiak eta Euskal Kultur Erakundeak elkarlanean egindako egitasmo hori, Iparraldeko gazteekin egindako lana da, bereziki Hego Euskal Herriko gazteei zuzendua. Betiko klixeak uxatuz, Iparraldeko errealitate bat aurkezten dute, gazteei lehentasuna emanez.

«Ez da dokumental didaktikoa», esan zuen Pantxoa Etchegoinek, Euskal Kultur Erakundeko zuzendariak, «Iparraldeko ezaugarriak aztertzen ditu». Horretarako, hiru lurralde historiko horietako hainbat gazte inplikatu dituzte lan horretan, dokumentalaren hari bihurtu arteraino, hala nola Xala pilotaria. Berak gidatutako elkarrizketa eta bisitaldien bitartez, bertako hainbat pertsonaia ezagunen sentipenak biltzen ditu, horien artean, Amaren Alabak kantu taldea, Amets Arzalluz eta Maiana Irigoyen bertsolariak, EHZ musika jaialdia, Mak musika taldea eta Dantza Hirian ekimena.

Ekimenean parte hartu duten bi erakundeen asmoa «Iparraldea XXI» ahalik eta gehien zabaltzea da. Horretarako, Gipuzkoako Aldundiko Kultura eta Euskara Departamentuak Gipuzkoako zenbait herritako kulturguneetan erakutsi nahi du, udalekin elkarlanean. Aldi berean, tokiko telebistetan eta Internet bidez ere zabalduko dute.

Euskal Kultur Erakundea 1990ean sortu zen Uztaritzen (Lapurdi) eta bere helburua Ipar Euskal Herrian euskararen eta euskal kulturaren garapena laguntzea da, bai diruz, bai teknikoki, eta hainbat egitasmoren bidez ere bai.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo