GARA > Idatzia > Euskal Herria

Usurbileko galdeketarekin «oso pozik» azaldu dira talde ekologistak

GARA |

Atez ateko galdeketan Usurbilek lortutako emaitzekin «oso pozik» daudela baieztatu zuten atzo Euskal Herriko hainbat talde ekologistek, Donostiako ezker abertzaleak, baita ELA sindikatuak ere. Berdeak, Haritzalde, Ekologistak Martxan eta Eguzkik helarazitako idatzi batean adierazi zutenez, Usurbilek dagoeneko hartutako bidea, eta aurki Hernani nahiz Oiartzunek hartuko dutenak «norabide egokia» darama; izan ere, helburu nagusia «hondakinak murriztea, berrerabiltzea eta birziklatzea» dela gaineratu zuten. Ezker abertzalea ere bat etorri zen horrekin.

Donostiako udaletxearen aurrean atzo egindako agerraldian independentistek azaldu zutenez, «eragile guztiek xede berberak dituzte, baina metodologian azaltzen dira ezberdintasunak». Zentzu honetan, PSOE, EAJ, PP eta H1ek proposatzen duten betiko zabor bilketaren sistema salatu zuten, «borondatezko» aukera gisa eskaintzen baitute «bosgarren zaborrontzia» delakoa. Ezker abertzalearen, talde ekologisten eta ELAren iritziz, sistema honek 400 milioi euroko aurrekontua duen errauste planta eraikitzea ekarriko luke. «Filtro aurreratuak erabili arren, erraustegiak kutsadura handia dakar. Gainera, sendagileek ohartarazi dute gaixotasun ugari ekar ditzakeela», nabarmendu zuten ezker abertzalekoek.

«Hondakinak zero»

Halaber, usurbildarren emaitza, eragile politiko, ekonomiko eta mediatikoen jarreraren aurrean «erantzun garbia» izan dela gaineratu zuen ELAk atzo Bilbon. «Hondakinak zero» lelodun nazioarteko politikan datza etorkizuna, eta hori lortzeko bidea, ezker abertzalearen aburuz, atez ateko bilketa sistema da: «Herritarron kontzientziazioan eragitea eskatzen du, borondatean oinarritzen baita, baina emaitzek erakutsi dute hori badagoela». Azkenik, hiritarrei informazioa eskaintzeko eta galdeketen bidez parte-hartzea bultzatzeko eskatu zieten udaletxeei.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo