GARA > Idatzia > Ekonomia

Gipuzkoako hainbat gurasok jantokietako gatazka konpon dezala eskatu diote Celaari

Eskola-jantokietako langileek greba egun gehiago iragarri ostean, guraso talde batek zerbitzua kudeatzen duten enpresei eta Lakuako Hezkuntza Sailari langileekin adostasuna lor dezaten exijitu diete.

Amaia ZURUTUZA | DONOSTIA

Gipuzkoako kudeaketa zuzeneko eskola-jantokietako auzia dela-eta, zerbitzu hori erabiltzen duten haurren guraso talde batek jantokietako langileen, zerbitzua eskaintzen duten enpresen eta Lakuako Gobernuaren arteko gatazka «premiaz» konpon dezaten eskatu zuten atzo. Zehazki, Isabel Celaa Hezkuntza sailburuari zuzenduriko idatzia eraman zuten gurasook Donostiako Hezkuntza Ordezkaritzara.

Aste honetan jantokietako langileek astero bi eguneko greba mugagabeari ekingo diotela iragarri ostean, guraso taldeak irtenbidea lehenbailehen bilatu behar dela adierazi zuen. Izan ere, jada bederatzi greba egun burutu dituzte langileok joan den urtetik hona lan hitzarmenaren negoziazioa eskatuz. Alde horretatik, Bea Vitoriak, gurasoen ordezkari gisa, hezkuntzari berari ere eragiten dion gatazka «behin-betiko» konpontzeko dagozkion neurriak har ditzan eskatu zion Hezkuntza Sailari. Jantokiak kudeatzen dituzten enpresei berriz, «gehiegizko zorroztasuna» baztertzeko eta haurrak zaintzen dituzten langileekin adostasuna lor dezaten eskatu zien.

Langileekiko elkartasuna

Lakuak zein enpresek langileekin adostasunik ez lortzea gurasoentzat «ulergaitza eta onartezina» dela adierazi zuen Vitoriak. Zentzu horretan, greba egunen ondorio zuzenak jasaten dituztenak, guraso eta umeak alegia, «bahitu gisa» erabili nahi dituztela salatu zuen; «eskirol lanak egin ditzagun edota langileak erantzule egin ditzagun», esan zuen. Atzoko ekimena burutu zuten gurasoek, ordea, ez dute erantzukizuna langileena denik uste. Hain justu, guraso taldeak elkartasuna adierazi nahi izan zien jantokietako langileen «aldarrikapen zuzenei», hain zuzen, langileek zerbitzuaren kalitatea, beren seme-alaben zaintza eta lan-baldintza negargarriak hobetzearren darabilten borrokari. Izan ere, langileok lor ditzaketen hobekuntzak seme-alabei ematen dieten zerbitzuaren hobekuntzarako izango direla baieztatu zuen Vitoriak.

Amaitzeko, enpresek eta gobernuak lan gatazka konpon dezaketela badakitela esan zuen Vitoriak, eta horregatik datorren martxoaren 9rako deituta dagoen lehen greba eguna gauzatuko balitz, «arduradun bakarrak» beraiek izango liratekeela adierazi zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo