GARA > Idatzia > Ekonomia

Bermeoko «Albacan» ontziak piraten erasotik ihes egitea lortu du Indiako Ozeanoan

«Albacan» ontziak eraso batetik ihes egitea lortu zuen atzo, granada jaurtiketa eta tiroketa izan ostean. Inguruan dabiltzan arrantzaleek kezka agertu zuten, zaintza dutenetik erasotzaileek helburua jotzeko tiro egiten dutelako.

p021_f01_148x112.jpg

GARA | BILBO

Bermeoko «Albacan» atunontziari eraso egin zioten atzo goizean Kenyako itsasertzetik 350 miliara arrantzan ari zenean. Erasotzaileek jaurtitako granadetako batek itsasontzian jo eta sute txiki bat eragin zuen, armadoreak jakinarazi zuenez.

Ricardo Garcia Albacora enpresa armadorearen atunontzidiaren arduradunak zehaztu zuenez, 8.00ak aldera «Albacan»eko tripulazioak piratek erabiltzen duten ohiko ontzia ikusi zuten, «plastikozko 6 eta 9 metroko arteko luzerako batela eta zuria».

Txalupa begiztatutakoan, Bermeoko atunontzi izoztaileak zehaztuta dagoen protokoloa jarri zuen martxan. Arrantzaleak itsasontziko alde seguruetan babestu eta ihesari eman zioten, armadoreak azaldutakoaren arabera.

Albacora enpresako arduradunak esan zuenez, itsasontzian jo zuen granadak zuloa egin eta barrukoa erreskaldatu zuen, baina segituan lortu zuten itzaltzea. Gainera, erasoa jasan eta bi ordura, eremutik urrunduta ohiko jardunera itzuli zirela gaineratu zuen.

«Inork ez du kalterik izan, segurtasun zerbitzuak funtzionatu du eta erasoa eragoztea lortu da; hori da garrantzitsua», esan zuen.

Inguruan arrantzan zebilen beste atunontzi bateko tripulazioak adierazi zuenez, erasoan bi ontzi txikik parte hartu zuten, eta horiei aurre egiteko «Albacan» ontziko segurtasun pribatuko kideek tiro egin zutela argitu zuten.

Eremu horretan lanean diharduten arrantzaleek eguraldi onak erasoak errazten dituela esan zuten, eguraldi txarra denean zailtasun gehiago baitituzte ontziak ikusteko eta haiengana heltzeko. «Eguraldi ona heldu da eta horrekin batera bahitzaileak. Jakina zen gertatuko zela eta hemen daude», adierazi zuten.

«Une egokiaren zain zeuden. Orain, ozeanoa igerileku bat da eta jakina zen. Izan ere, harrituta geunden gure aurreikuspenen arabera atzeratzen ari zirelako. Hala ere, badirudi indar handiz irten direla», nabarmendu zuten Indiako Ozeanoan dabiltzan arrantzaleek.

Bi eraso aurretik

Hala ere, marinelak kezkatuta agertu ziren, zaintza «bi ahoko arma» bilaka daitekeelako. Albacora enpresa 1974an sortu zen, eta 1984tik ari dira lanean Indiako Ozeanoan bost atunontzi izoztaile eta horiei laguntzeko beste lau itsasontzi.

Albacora taldean Salika kontserba-enpresa ere badago, eta Indiako Ozeanoan, Atlantikoan eta Pazifikoan ere badabil arrantzan 24 arrantza-ontzirekin eta 4 merkataritza-ontzirekin.

Atzoko erasoa jazo aurretik ere, aipatutako enpresako bi itsasontzi bahitzen saiatu ziren somaliarrak, «Internatuta II» irailean eta «Iria Flavia» urrian.

«Bi ahoko ezpata»

Zaintza «bi ahoko ezpata» izan daitekeela diote arrantzaleek. Jadanik ez dute hurbiltzeko maniobrarik egiten, ezta abisatu ere, «jotzera joango dira, min egitera,badakitelako ontzia atzemateko modu bakarra dela».

eguraldi ona

Atzoko erasoak ez zituen arrantzaleak ezustean harrapatu. Esan zutenez, espero zituzten, ozeanoak «igerilekua» dirudien garai honetan ontziak errazago begiztatu eta hurbildu ahal direlako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo