Eszenak
Egunez, haur opera eta, iluntzean, Dantza Ilbetean saioarekin hitzordua, Arriaga antzokian
Arriaga antzokiak eta OLBEk indarrak batu dituzte «Ni fu ni fa sostenido» opera gauzatzeko. Gaur goizean estreinatuko dute ekoizpen berri hau, baina ez da Bilboko aretoaren eskaintza bakarra izango.
IA.E. | BILBO
«Ni fu ni fa sostenido» opera Enrique Vianaren «semetxoa» dela esan genezake, eszena-zuzendaria izateaz gain, ekoizpenaren eszenografiaz, jantziez eta libretoaz arduratu baita. Gaur goizeko hamaiketan egingo dute haur opera honen estreinaldia, baina hilaren 10era arte ikusi ahal izango da Arriaga antzokian ordutegi desberdinetan. OLBE Txikiren aurtengo denboraldiko hirugarren titulu honetan haurren artean operarekiko zaletasuna zabaldu eta sustatzeaz gain, helburua ahots liriko gazteak taularatzea da.
Ana Otoxa, Nerea Castellot, Alberto Nuñez eta Juan Jose Navarro abeslariak eta Itziar Recalde, Juanjo Otero eta Aritza Rodriguez aktorea arituko dira taula gainean. Gainera, Itxaro Mentxaka soprano ezaguna ere izango da. Daniel Oyarzabal piano-jotzaileak antzeztu eta zuzeneko musika jarriko du eta Ruben Fernandez Agirre musika-aholkulari lanetan arituko da. «Ni fu ni fa sostenido» lanean honako opera ezagunetako musika zatiak agertzen dira: Mozarten «Figaroren ezkontzak», Wagnerren «Tanhäuser», Rossiniren «Sevillako bizargina», Gounoden «Fausto», Bizeten «Perla arrantzaleak», Offenbachen «Hoffmanen ipuinak» eta «Le Grande Duchesse de Gerolstein», Auberren «Fra Diavolo» eta Donizettiren «Il Campanello».
Eskaintza oparoa
Opera Lagunen Bilboko Elkartearekin batera egindako ikuskizunaren zazpi emanaldi izango dira. 8 urteko edo 8 urtetik gorako publikoarentzat gomendatu dute ikuskizuna. Familientzako emanaldiak eskainiko dira larunbatean (19.00etan) eta igandean (12.00etan eta 19.00etan). Horiez gain, ikasleentzako saioak egingo dira goizeko hamaiketan, gaur, martxoaren 8an, 9an eta 10ean.
Eta gaur iluntzean, 20.00etan, lehen Dantza Ilbetearen txanda. Partaideak urtarrilean aurkeztutako herritarrekin egindako casting-etik atera dira eta Emilio Sagik zuzenduko duen galan estilo guztietako hogei dantza-saio ikus ahal izango dira, besteak beste, flamenkoa, jazz dantza, electrodance, euskal dantzak, ballet klasikoa eta garaikidea edo tangoa. Parte-hartzaileak ez dira profesionalak; adin eta baldintza guztietako pertsonak baizik, baina guztiek dute pasio bera: dantza.
Oraingo honetan, Ilbete gauak beste pizgarri bat du: Haitiko lurrikararen kaltetuei laguntzea. Bildutako diru guztia Munduko Medikuak Euskadi GKEari emango zaio. Sarrerak 5 eurotan erosi ahal izango dira.