GARA > Idatzia > Euskal Herria

Mende bete, martxoaren 8an berdintasuna aldarrikatzen

Ugari dira aurretik matxinatutako emakumeak, bidea eginez hamaika korapilo askatu eta traba gainditu dituztenak. Martxoaren 8a izan ohi da borroka horien erakusleihoa eta aurten inoiz baino gehiago ospakizun kutsua izango du, Emakumeen Nazioarteko Egunak mendea bete baitu. Historian atzera egin eta Emagin-en laguntzarekin geldiuneak egingo ditugu munduan barna, baita gurean ere.

p020_f0158774.jpg

Oihana LLORENTE

Martxoaren 8a egun esanguratsua da emakumeentzat, egun horretan emakumeen eskubideen aldeko borrokak atxikimenduak bildu eta oihartzun handia lortzen baitu. Aurten gainera, urtemuga borobila betetzen du Emakumeen Nazioarteko Egunak, askoren ustez, mendeurrena ospatzen baitu ekimen honek.

New York-eko oihal fabrika baten sutean kokatzen dute bere sorrera gehienek; gerora egin diren ikerketen arabera, ordea, ospakizunaren jatorria anitzagoa da eta mugimendu sozialistarekin zerikusia duela frogatu dute. Esangura berezia du Clara Zetkin-ek. Izan ere, Alemaniako emakume sozialisten liderra zenak, 1910. urtean Danimarkan egindako Nazioarteko Emakume Sozialisten II. bilkuran proposatu zuen Nazioarteko Emakumeen Egun baten premia. Eskaera horrek, oinarrian, Ameriketako Estatu Batuetako emakumeek 1908tik emakumeek botoa lortzeko ospatzen zuten Women´s Day zuen.

Hasiera batean data finkorik izan ez zuen arren, urteen poderioz martxoaren 8a hartu zuten erreferentziatzat mundu osoko emakumeek. I. eta II. mundu gerrek, ordea, Europan jarduera feministak bertan behera geratzea eragin zuten, baina 1970eko hamarkadan emakumeen borroken loraldia izan zen munduko bazter ugaritan, Euskal Herria barne.

1977koa, Euskal Herrian lehenengoa

Gurera etorriz, 1977ra arte ez dugu Emakumeen Nazioarteko Egunaren arrastorik aurkituko. Emagin dokumentazio eta ikerkuntza zentro feministaren jardunari esker jakin baita Bilbon ospatu zela lehen aldiz 1977an aldarrikapen eta ospakizun egun hau. San Frantzisko eliza izan zuten topagune 700 bat emakumek, eta bertan, Martxoaren 8aren garrantzia partekatzeaz gainera, hainbat problematika izan zituzten eztabaidagai: etxeko andreen egoera, banatuak zeuden emakumeen aldarrikapenak edo Artiach enpresako borroka konkretua. Langile gehienak emakumeak ziren bertan eta haurtzaindegi zerbitzua galdeginez borroka luzea eraman zuten aurrera.

Asanbladaz gainera, manifestaldia zuten aurreikusia, eta hura debekatu arren, bildutako emakumeak manifestazioan abiatu ziren Poliziaren oldarraldiari aurre eginez. Gainerako herrialdeetan Martxoaren 8a ospatzeko saiakerak egon arren, debekuen ondorioz ez zuten aurrera egin.

Feminismoaren loraldiaren erakusleiho nagusia 1977an egindako lehen Jardunaldi Feministak ditugu. 3.000 emakumek euren eskubide zapalketak aztertu eta borrokatzeko erabaki irmoa hartu zuten orduan. Hitzordu honek hauspo berezia eman zien hurrengo urteetako Martxoaren 8ko ekimenei.

1978an, Konstituzio espainolaren eztabaida gori-gorian zegoelarik, gai honek isla aurkitu zuen Nafarroa, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko mobilizazioetan. Baionan aldiz, martxoak 4ra, larunbatera, aurreratu zuten ospakizuna eta arratsalde osoa eman zuten dozenaka lagunek filmak eta erakusketak ikusiz. Ondoren GLF, antzerki taldearen eskutik emakumeek bizi zituzten egoerak irudikatu zituzten Baionako karriketan zehar, aldarrikapena eta jaia uztartuz.

Garai horretan, abortatzeagatik edota abortuak egiteagatik hamaika emakume atxilotu zituzten Basaurin. Protesta ekimen ugari eragin zituen polizia operazioak, eta abortuaren despenalizazioa izan zen urte horietako aldarrikapen nagusia. 1982ko martxoaren 8an, adibidez, Basauriko emakumeentzat amnistia aldarrikatu zuten herrialde orotan egindako ekimenetan. Bilbon adibidez, ehunka emakumek eserialdia egin eta bidea moztu zuten elkartasunez.

Urteetan zehar emakumeen protestek parez pare aurkitu duten errepresioa handia izan da. Gogoan iltzaturik dauzkagu oraindik Iruñeko 2008ko oldarraldia, soka luze baten muturra besterik ez dena. 1982an Donostiako manifestaldiaren aurka zein Bilbon, KASek antolatutakoaren kontra gogor oldartu zen Polizia.

1986an, emakumeen aldeko aldarriez gain, NATOren kontrakoak entzun zitezkeen, «Feminismo aurrera, NATO atzera» edo «Manolo txotxolo, te vas a la mili solo» bezalakoak.

Emakumezko euskal preso politikoek kartzelan jasaten duten egoera gogora ekarri eta salatu nahi izan zuen Aizan talde feministak eta Carabancheleko espetxerainoko martxa arrakastatsua antolatu zuen 1987an.

1990eko hamarkadaren hasieran, mugimendu sozialekin gertatu bezala, mugimendu feministaren gainbehera etorri zen, intsumisioaren borrokak zein krisi ekonomikoak isla izango du Martxoaren 8ko ospakizunetan. 1995. urtean, aldiz, indarkeria sexistaren problematikari heldu zion borroka feministak, egun ere, zoritxarrez presente dugun errealitateari.

Milurteko berriak Emakumeen lehen Mundu Martxa ekarri zuen. Emakume izate hutsagatik munduan barrena emakumeak zapalduak direla ohartuta, mundu osoko emakumeak zutitu eta martxan jarri ziren, hamaika aldarrikapenei tarte eginez eta munduko emakumeen arteko sareak josiz. Lehen edizio horrek izandako arrakasta ikusita, ekimena iraunkor bihurtu, eta bost urtetik behin egiten da.

Ehun urte beteagatik, ez dirudi aurtengo Emakumeen Nazioarteko Egunak atsedenerako tartea emango duenik, itxura guztien arabera, emakumeak martxan dira-eta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo