GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Greziakoak graziakorik ez

Greziako egoera ez da graziazkoa. Greziakoak ez du gaur graziarik, greziarrentzat batez ere. Beste herrialde batzuetan ere da gertatua eta beste batzuetan ere da gertatzekoa; Oi! Mediterraneo, zer ikusi beharko dun oraindik! Euro-zonan sartu ziren oskarbi garaian pozaren pozez Euroka! oihu egin, Eureka! harena gogoan, baina gero eguraldia aldatuta, herrialde batzuetan eguraldia ez ezik eguraldi-mapa bera ere aldatu, hodei matazak sartu eta euroteak etorri ziren, euro-jasa gogorrez etorri ere, eta batzuen emariak hainbeste igota bazter sozial guztiak hondatuta geratu ziren, european; eta orain hor dira, ateri bila eurotako eske. Euromena. Hainbeste europar eskubidez erantzita, biluztu bidean, eta etzanda ikusteak film eurotikoak dakartza gogora; jakina, filmotako estrak dira, kobratzen ez duten horietarikoak. Europan denak dira europar, tira! etorkinez aparte, baina gero eta gutxiago dira eurotar direnak. Eurena da errua, bai, euroena!. Euromena. Eskerrak herri batzuetan prest azaldu direla ongizate-estatua mantendu eta langileei sariak emateko, bidesariak badira ere; bai, errepidekoak! baina sariak azken batez!. Desgrazia zein eta nekez mantendu dezakeela ongizate-estatua estaturik ez duenak. Ba bai, bada, desgrezia Mediterraneoko bazter hartakoa! Zelan den posible gainbehera ekonomiko hori jogurt batetik abiatu izana!

Tira, harira! Europako mundu-mapa aldatzear dago. Ez, ez nago Eskoziaz; Euskal Herriaz ere ez, biona bidean den arren. Mediterraneoz nago. Horra! Greziak metatu duen zorra iraungitze-data baino lehen desmetatze aldera bere irla batzuk eta zenbait kultur ondare salgai ipintzea iradoki diote Europako aditu ei diren batzuek. Lasaitu ederra hartu nuen biztanlerik gabeko irlez ari zirela jakitean. Irlak saldu? Zer egiteko baina? Jakingo ote dute adituok itsasoaren gainean ikusten den lurrak itsasoaren azpitik ere segida duela, itsaso-hondoraino bertarainoko segida izan ere, eta, are gehiago, beheko horretan lotuta dagoela? Lurrezko iceberg ez direla? Jakingo ote? Seguru beste euro-kostaren batera eramatea pentsatua zutela adituok, paradisu fiskalez populatzeko, guantanamo berriak ezartzeko, museo-dibertsitatea zabaltzeko. Eta ondareez? Akropolia erosiko omen du Lakuak. Akro, hiriburu bateko AHT geltokian egokitzeko; eta Polis?, Arkauten, of course.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo