GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Ana Telletxea Ikertzailea

Kantu kontari

Soinu-eskema edo eredu atzerritarrak gure egin ditugu (nahiz eta euskaraz kantatu) eta dugun altxorra gero eta isilago uzten ari gara, gero eta ilunago ahanzturak irensteko bidean

Azkenaldian afalondo «arraroak» bizi izan ditut; lagun bat falta ez denean, ondokoa da mahaitik alde egin duena, denak ke-tximiniak egitera joanak atarira. Eta, dela kanturako, dela fundamentuzko elkarrizketa bat izateko, joan-etorri horiek bete-betean kaltetzen dute giroa. Tabakoaren legea indarrean denetik ezaguna izanen du edozeinek egoera hau, baina ez dakit gehiegi pentsatu den hartaz. Luze joko luke legeen gaineko eztabaida batek, eta beraz, gaurkoan ez dugu hausnartuko zenbateraino den legearen errua, eta zenbateraino den ez garela gauza «bizioa» (afalondoaren mesedetan) ordu batzuez atzentzeko.

«Interesgarria, zerbait kontatzea da; kantatuz kontatu» idatzi zuen Aita Riezuk. Gaur zaila zaigu Riezuko Jorgek dioenari eustea, «mahaiaren kultura» bera ere maingu denean. Herri honek beti izan du sukaldearen, su-bazterraren kultura; bazkari eta afari eder baten ondotik (jana bera bezain berebiziko) solasa eta kantua izan ditu tradiziorik osasuntsu eta gozatuenak, mahai baten bueltan nahiz lurreko suari begira.

Ahozkotasuna, kantuz eta hitzez, gure herriaren berezitasuna eta ezaugarria izan da historikoki; herriko berriak jakinarazteko, umeak lokarrarazteko, jolasteko, dantzatzeko, arto-jorran aritzeko, ezkontzak iragartzeko, pasarte gogoangarriak kontatzeko... (eta harago joz, kirikoketa, tobera, ote-jotzea eta hamaika honelako aipa genitzake). Hitza eta kantua gure kulturaren zutarri dira. Gero eta joera globalizatuagoak ditugu gurean, gehienok ez gara ohartzen egoera horretaz eta hala, eredu arrotzak hartzen ari gara bertakoa gutxietsiz, eta areago, ez ezagutuz. Kultura moldeen aldaketa biziak erraustu du gizatalde honen izaeraren tasun hau; komunikabideen garrantzia, esaterako, giltza izan da eraldaketa hori bizkortzeko.

Euskal jendeak Pirinioez bi aldeetan kantatu izan du usaz. Eta ez da bakarrik Iparraldean kantatzen, ez da Zuberoako ohitura propio. Gure aiton-amonen belaunaldian, eta euskal lur guztietan, egunerokoa zuten kantua, askoz ere naturalago bizi zuten gaur baino. Ez da urte asko, gainera, jendea kalean barna txistuka eta kantari ikusten genuela (herrietan gehiago hirian baino, noski). Gaur, eta konparazioz, kantu-afaria deitzen dena antolatzen da han eta hemen, afalondo horrek kantua izanen duela espresuki adieraziz.

Hegoaldean galera oso nabarmen bizitzen ari gara, transmisioa eteten ari da bortizki. Hunkigarria zait nola Zuberoako gazteak oraindik ere (denak ez, tamalez) besta eguna noiz izanen den zain diren herriko zaharrekin kantatzeko. Beti ikasten omen dituzte inon bilduta ez dauden kantuak. Han afariek edo bazkariek berezkoa dute kantua oraindik ere eta badute hura estimatu, gozatu eta bizitzeko aukera, hori pagotxa!

Zarataren garaian bizi gara. Oharmena erabat herdoildu zaigu eta zaila edo gogorra zaie egungo belarriei ahots soila entzutea. Iruditzen zaigu kantuak bere horretan ez duela behar beste funtsik edo indarrik, beti izan behar duela beste zerbaiten osagarri, eta ez dugu gogoan ahotsa, berez, guztietan lehen musika-tresna dela, oinarrizkoa. Ezin da esan oihanean isiltasuna sumatzen ahal denik; modu berean, ulergaitza egiten zait kantua bere gordintasunean (eta aldi berean aberastasunean) aitortzen ez dela antzematea.

Soinu-eskema edo eredu atzerritarrak gure egin ditugu (nahiz eta euskaraz kantatu) eta dugun altxorra gero eta isilago uzten ari gara, gero eta ilunago ahanzturak irensteko bidean. Kanpora begira egoteak (nahigabe edo nahita) bertakoaren garrantziaz aldendu gaitu. Kantuaren ondarea ikaragarri aberatsa eta anitza da gurean, eta gure kulturaren hainbat alorren gaineko azterketa, babesa eta zaintza egin delarik ere, gure kantua umezurtz sentitzen dut anitzetan.

«Oi xoria, hanitxetan, zurekilan batian, bozkarioz kantatzia, nian desiretan» (Etxahun-Iruri).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo