GARA > Idatzia > Ekonomia

Osasun sistema publikoa, baliabide gabeziaren eta prekarietatearen morroi

Hego Euskal Herriko ospitale eta osasun-etxeetara baliabide gutxiegi bideratzen dute Iruñea eta Gasteizko gobernuek. Hori diote LAB eta ELAk, baita horrek langileen lan baldintzak kaxkartzen dituela ere, eta horrek, era berean, zerbitzuaren kalitatea. Ondorioz, sektore pribatua sustatzen da.

p028_f01-177x140.jpg

Amaia ZURUTUZA

Bizkaia, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroako osasun sistema publikoaren egoera benetan kezkagarria da LAB eta ELA sindikatuen adierazpenei erreparatzen badiegu. Orokorrean, Iruñea nahiz Gasteizko gobernuek osasun sistema publikora baliabide gutxi bideratzen dutela salatu dute biek. Europarekin alderaketak egitea gustuko dute maiz politikari askok. Bada, esanguratsua da Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundean (OCDE) osasun arlorako finkatutako batez besteko gastura heltzeko, Nafarroak ia bikoiztu egin beharko lukeela egun bideratzen duen kopurua, eta EAEk %51 gehitu beharko lukeela. Zentzu horretan, «ezinezkoa da kalitatezko osasun arreta ematea, horretara bideratzen diren baliabide ekonomikoak nahikoak ez badira», adierazi zuen LABeko Osasun arduradun Bego Taberak joan den hilean egindako prentsaurreko batean. Jarduerari erreparatzen badiogu, gainera, azken urteetan ospitale eta osasun-etxeetako lana nabarmen hazi da. Ospitaleratze, kontsulta eta ebakuntza kopurua gora doa etengabe.

Ondorioz, Osakidetza eta Osasunbideko langileek gero eta lan-zama handiagoari egin behar diote aurre. Horregatik, premia guztiei erantzun ahal izateko langile gehiago behar direla aldarrikatu dute, bai LABek, bai ELAk. Horretarako, Mati Iturralde LABeko Osakidetzako arduradunak aipaturiko prentsaurrekoan adierazi zuenez, behingoz benetako enpresa plan bat egin behar da, etorkizuneko beharrak aztertu, eta zenbat langile beharko diren adostuz.

Kalitatezko enplegua sortzea ere ezinbestekotzat jo dute. Izan ere, osasun zerbitzuetako langileria aintzat hartuta, bi elementu nabarmendu dituzte. Lehena, eta gogor salatzen dutena, behin-behinekotasun tasa da: Osasunbideko langileen %44k aldi baterako kontratua dute; EAEn, berriz, datu zehatzagoen faltan, nabarmentzekoa da Erkidego osoko aldi baterako kontratuen ia %18 Osakidetzan egindakoak direla. Behin-behinekotasunak sortzen duen prekarietatea amaitzea exijitzen dute, beraz, besteak beste, eta Manu Robles-Arangiz Institutuaren eskutik ELAko Azterketa Bulegoaren urtarrileko txosteneko hitzak gogora ekarriz, «langileak proiektu bateko partaide senti daitezen».

Bigarren aldea langileriaren adina da. Nafarroan, langile finkoen %43k 51 urte baino gehiago dute, eta 30 urtez azpikoen beste dira 60-70 adin tartekoak. EAEn, berriz, langile erdiek 50 urtetik gora dute. Hainbat lan-zamari aurre egiteko adinak duen eraginagatik, langileria batez beste gazteagoa izatea beharrezkoa dela nabarmendu dute bi sindikatuek.

Baliabide ekonomikoen gabeziak eta langileen lan baldintza kaskarrek eskaintzen den zerbitzuaren kalitatean galera eragiten dute ezinbestean. Besteak beste, ebakuntzetarako itxaron beharreko egunak gero eta gehiago dira, eta ospitaleko egonaldien egunak, berriz, murriztuz doaz. Bi alde horiek kalitate galera horren adibide lirateke. Gainera, premia ugari zerbitzu publikoaren estalpetik kanpo daudela gogorarazi dute bi sindikatuek, hala nola buruko osasuna, zainketa aringarria, gaixotasun psikosozialak, geriatria nahiz hortz osasun eta oftalmologia.

«Osasun zerbitzu publikoetako erabiltzaileek gero eta iritzi okerragoa dute jasotzen duten laguntzaz», esan zuen Taberak. Horrek, besteak beste, sektore pribatua indartzea dakarrela baieztatu dute LAB eta ELAk. Hala, zerbitzu publikoak kudeatzeko ardura duten gobernuek euren jardunarekin osasun sistema pribatua sustatzen dutela salatu dute. Izan ere, sistema publikoaren gabeziak enpresa pribatuekiko hitzarmenen bidez estaltzea administrazioen ohiko jokabidea da. Gogoratu behar da ordea, enpresa pribatuek ahalik eta diru-etekin handiena eskuratzeko helburua dutela, eta hala, osasuna negozio-gai bihurtzen da.

Kalitatea ez da gobernuen lehentasuna

«Argi dago Iruñea eta Gasteizko gobernuen asmoa ez dela lanaren kalitatea, ezta Osasunbidean eta Osakidetzan ematen den zerbitzuaren kalitatea hobetzea ere», esan du ELAk. Izan ere, bi sindikatuek osasun sistema publikora diru gehiago bideratu behar dela aldarrikatzeaz gain, posible dela baieztatu dute, soilik «borondate politiko» kontua baita. Zentzu honetan, LAB eta ELAren iritziz, biztanleriaren osasunaz arduratzen diren langileen baldintzak prekarietatetik aldendu eta duintzea ezinbestekoa da.

Osasunbideko langileen %44k aldi baterako kontratua du

2008an Nafarroako osasun-arlo publikoko langileria 9.539 lagunek osatzen zuten. Horietatik %44,4k behin-behineko kontratua izan zuten, 4.233 lagunek beraz. Aipagarria da 2008ko laugarren hiruhilekoko behin-behinekotasun tasa orokorra %23,3 izan zela Nafarroan. Zentzu honetan, ELAk Nafarroako Gobernuaren, «bere eskumeneko esparruetan behin-behinekotasunari aurre egin beharko liokeen berorren», jarrera salatu du, urtez urte gero eta jende gehiago kontratatzen duelako aldi baterako, eta politika hauek «arduragabeak» direlako.

Bizkaia, Gipuzkoa eta Araban ere gora doa langileen aldi baterako kontratazioa. Hala, 2005ean Erkidego osoko aldi baterako kontratu guztien %15,8 Osakidetzan egin zituzten. Aintzat hartzekoa da osasun sistema publikoko langileek EAE osoko soldatapeko langile guztien %2,8a baino osatzen ez zutela. 2008an behin-behinekotasun tasa hori %17,8ra igo zen. A.Z.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo