GARA > Idatzia > Euskal Herria

Igeldo jada udalerri dela ondorioztatu eta aldarrikatu dute bertako bizilagunek

Donostiatik banatzeko egindako eskariari ezezkoa emateko Aldundiak «oinarri juridikorik ez duela» iritzita, Igeldo dagoeneko udalerri dela aldarrikatu zuten atzo bertako bizilagunek bere egoitzaren aurrean.
p023_f0175023.jpg

J.A. | DONOSTIA

«Administrazioen isiltasunaren aurrean», Igeldo dagoeneko udalerri independente dela ondorioztatu eta aldarrikatu dute igeldoarrek. Horixe eman zuten jakitera atzo igeldoarrek Antigua auzotik Gipuzkoako Aldundiak Donostia erdialdean duen egoitza aurrera egin zuten kalejiraren ondoren. Hain zuzen ere, eraikinaren aurrealdean 150 igeldoar bildu zituen elkarretaratzean zabaldu zuten albistea.

Beraz, «legeak eskatzen duen gisan» berri hori tokiko administrazioetara igor dezan eta «xehetasunak eztabaidatzeko» Donostiako Udala, igeldoarrak eta Aldundia bilduko dituen biltzarra eratzeko eskatu zioten pasa den martxoaren 1ean Gipuzkoako Aldundiari. Lan horiek egiteko gainera, 15 eguneko epea ezarri zuten.

Otsailaren amaieran eskaini zuten azken agerraldian azaldu zutenez, Gipuzkoako Aldundiak Igeldo Donostiatik bereizteko egindako eskariari ezezkoa emango zion susmoa zuten igeldoarrek; ez Aldundiak hala azaldu zielako, «zeharkako» bideetatik jakin zutelako baizik.

Orduan, baina, ez zituzten ezagutzen ¯Aldundiak aukerarik eman ez zielako¯ Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Ogasunak desanexio eskaeraren gainean egindako txostenak. Zehazki, bi txosten horietan oinarrituta eman behar du Aldundiak dagokion erantzuna, eta igeldoarrak, horren jakitun, aspaldidanik zebiltzan txosten horiek zer dioten jakin nahian.

Behin txostenok esku artean dituztela, Igeldoko bizilagunek ikusi dute «desanexioa erabat legezkoa dela» eta Aldundiak «ez duela oinarri juridikorik ezezkoa emateko»; beraz, Aldundiak «ezer esan ez duenez» dagoeneko Igeldo Gipuzkoako 89. udalerria dela ondorioztatu dute. Hala azaldu zion, behintzat, Juan Carlos Izagirrek, Itxas Aurre elkarteko kideak, GARAri atzo, Donostian, Aldundiaren egoitza aurrean egindako elkarretaratzearen ondoren.

Bi txostenak oinarri

Alde batetik, beraz, Gipuzkoako Ogasunak Igeldo ekonomikoki burujabe izan daitekeen ala ez aztertu behar zuen, eta osatutako txostenean gainditutzat eman zuen alderdi hori. Igeldok ekonomikoki beregaina izateko baliabideak dituela onartzeaz gain, urtean 140.000 euroko irabaziak sortuko lituzkeela ondorioztatu dute.

Bestalde, Ogasunak txostenean beste ezaugarri bat aipatzen du, Itxas Aurre elkarteko kidearen iritziz «oso garrantzitsua» dena, hain zuzen ere, Igeldo banatzeak Donostiari ez liokeela galera ekonomikorik ekarriko.

Gogor salatu zuen Izagirrek, hala ere, Donostiako Udalaren txostena; Aldundiak desanexioaren gaineko erabakia hartzeko behar zuen bigarrena, alegia. Udalak Igeldo banatzea ezinezkoa dela argudiatzeko Aldundiak 1995ean osatutako foru araua hartzen du oinarri. Igeldoarrek baina, aspaldian eztabaidatu zuten gai hori epaitegietan; eurek udalerri eskaera 1994an egin zuten, eta beraz foru arau berria eurei ez aplikatzea erabaki zen epaitegietan.

«Orain Udala berriro gai horrekin hastea astakeria da», adierazi zuen Izagirrek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo