GARA > Idatzia > Mundua

Epaile espainolek botere judizialaren duintasuna galdu egin dela uste dute

Estatu espainoleko 1.400 epailek bertako botere judizialaren duintasuna berreskuratzearen aldeko jarrera agertu dute. Magistratuek estatu-ituna eskatu dute Kontseilu Nagusia liskar politikotik ahalik eta gehien urruntzeko.
p036_f01_148x104.jpg

GARA | MADRIL

Estatu espainoleko Justizia Administrazioa oso gaizki dagoela begi bistakoa da epaileentzat beraientzat ere. Horregatik, «Independentzia judiziala eta Justiziaren despolitizazioaren aldeko manifestua» aurkeztu zuten atzo, 1.400 epaile inguruk sinatua. Itun horren helburua «botere judizialaren duintasuna» berreskuratzea litzateke. Beraien iritziz, alderdikeriaz lepo dagoen politikaren eraginak gehiegi kaltetzen du epaile espainolen jarduera.

Pedro Luis Viguer Valentziako epaile dekanoari egokitu zaio epaile horien jarrera prentsaurreko batean agertzea. Nabarmendu du Estatuan lan egiten duten epaile elkarte guztietako kideak daudela sinatzaileen artean, makina bat independentez gain.

«Liskar politikotik ahalik eta gehien urrundu nahi dugu Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia», adierazi du dekanoak. Dokumentua aurkezteko ekitaldian ehunen bat epaileren laguntza izan du Viguerrek.

Oso grafikoa izan da epaile beteranoa, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren gaur egungo jarduera deskribatzeko garaian: «Parlamentuaren klona» omen da Kontseilua, edo «Parlamentu txiki bat». Era horretan eman du aditzera epaileen jarduera arautu beharko lukeen organoak ez duela bere lana egiten, beste lan bat egiteko agintzen baitiote alderdi politikoetatik.

Sinatzaileek Botere Judizialari eta bertan lan egiten dutenei Konstituzio espainolak aitortzen duen «independentzia eta duintasuna» berriz emateko eskatu dute. Benetako botere banaketa berreskuratu nahi dutela ere esan dute, gaur egun banaketa hori desagertuta dagoela salatzen dutenei arrazoia emanez. Gainera, epaileen jarduera arautu behar duten organoen aukeraketa demokratizatu egin behar delakoan daude.

Viguerrek eman dituen esplikazioen arabera, testua orain hilabete batzuk idatzi zuten, «era espontaneoan», Interneteko foro batean, eta urtarrilean hasi ziren Estatuko epaileak dokumentuari babesa ematen.

Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epailea sinatzaileen artean dago eta atzoko prentsaurrekoan ere esku hartu zuen. Santiago Pedraz Auzitegi bereko epaileak ere bat egin du dokumentuarekin.

Epaile dekanoak nabarmendu du ez dutela zalantzan jartzen milaka epailek egiten duten lana, «gobernu organoen sistema baizik, politikarien eragina gero eta garbiagoa baita».

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia aukeratzeko egungo sistemarekin, Estatu espainola Portugalek, Italiak, Belgikak eta frantses Estatuak ordezkatzen duten eredutik urruntzen da, Estatu horietan epaileek beraiek hautatzen baitituzte gobernu organoak.

Bestalde, epaileek salatu dute oso baldintza kaskarretan egiten dutela lan (adierazi dute Estatuaren aurrekontuetan oso ehuneko txikia dela Justiziara bideratutakoa). Baita Justizia Administrazioak bizi duen «burokratizazio prozesua» ere.

ulertezina

Cayo Lara IU koalizioko koordinatzaileak ezin du ulertu kartzelan dagoen batek -Gurtel kasuan nahastuta dagoen Francisco Correak- nolatan esku har dezakeen bera kartzelatu duen epailearen -Garzon- aurkako prozesuan

txantxa

Garzonen aurkako egunotako kanpaina Gurtel kasua ezkutatzeko ahalegina da, Gaspar Zarrias PSOEko zuzendaritzako kidearen iritziz: «PPk zuzendutako operazioa txantxa bat izango da azkenean»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo