GARA > Idatzia > Kirolak> Gipuzkoa Basket

Lagun Aro Gipuzkoa Basket

Maila mantentzeko neurketa erabakigarria iritsi da

Erdogan jaurtitzaile arriskutsuak Levanteko taldearekin debuta egingo du.

p048_f01_666x666.jpg

 

LAGUN ARO-ALICANTE

Arnaitz GORRITI

ACB Ligako sasoi erregularrak 34 jardunaldi dauzka eta, ondorioz, erregulartasuna saritzen du maila mantentzeko nahiz titulua irabazteko kanporaketetara sartzeko. Alabaina, badaude urtean zehar zenbait partida, hedabideek mahai gainean jartzen duten hiperbolearen gainetik, hil ala bizikoak direnak. Halakoa da, bada, gaur arratsaldean Donostia 2016 pabiloian Lagun Aro GBCek jokatuko duen neurketa. Donostiarrek mailan jarraitu nahi badute Meridiano Alicanteri nahitaez irabazi beharko diote.

Garaipena lortuz gero aurkari zuzen bat atzean lagako luke talde gipuzkoarrak, eta averagea ere bere alde jarriko luke, aurreneko itzulian ere garaipena eskuratu baitzuen Lagun Arok. Dena dela, garaipena lortuta ere galtzak bete lan izango dituelako, Pablo Lasok gaurko partidarekin ez obsesionatzeko deia egin zuen neurketa aurreko prentsaurrekoan.

«Ez dut gogoko entzutea Alacantekoen aurka `finala' jokatuko dugula; egia da, bai, finala balitz bezala jokatu behar dugula garrantzi itzela duelako, baina geratzen diren hamaika partidak ere `finalak' dira niretzat».

Teknikari gasteiztarraren aburuz «Kopa dela-eta ligan izandako geldialdiak kalte egin digu talde bioi, eta joan den asteburuan egurra jasota -Lagun Arok Barakaldoko derbia 88-62 galdu bazuen, Alacantekoek sekulako egurra jaso zuten etxean, 55-95 galdu baitzuten Real Madrilen aurka- iritsiko gara hona. Gure erasoko erritmoa aurkitu behar dugu berriro ere, eta hori erdiesteko ahal bezain beste baloi berreskuratu beharko ditugu atzean. Bada, defentsan eta errebotean nagusi izan beharko dugu», azaldu zuen.

Gaur arratsaldekoari begira, jokalari guztiak prest izango dira talde bietan. Nabarmentzekoa, Baskoniako jokalari ohi Serkan Erdoganen debuta, Alicanteren elastikoarekin. «Lehen ere Alicantek bazituen jaurtitzaile finak, Llompart, Urtasun edo Avdalovic, esaterako. Orain Erdoganekin ere kontuz ibili beharko dugu», ohartarazi zuen Lasok.

Etxetik kanpo irabazi gabe

Esan behar, orain arte Alicantek ez duela etxetik kanpo -Teknifikazio Zentrotik at, alegia- garaipenik lortu. Horren aurrean zalantzaz josita azaldu zen gipuzkoarren entrenatzailea, eta bigarren itzulian «kanpoan asko hobetu» duela gogorarazi zuen.

«Baliteke Alicantek liga hasierako partidetan etxetik kanpo maila eskasagoa eman izana. Hala ere, alde batetik, aurkari zailenen etxean jokatzea egokitu zaie aurreneko itzulian eta, horrez gain, azken asteotan asko hobetu dute Teknifikazio Zentrotik irtendakoan ere. Esaterako, Manresan irabazteko zorian izan ziren. Etiketa hori ez da benetakoa».

Puntu kopuru handiena pilatu zuen partida

Lehenengo itzulian garaipen bikaina eskuratu zuen Lagun Aro GBCek Alacanteko Teknifikazio Zentroan. Azken emaitza, 100-102; aurtengo denboraldian puntu gehien sartu diren partida izan zen ligako 12. jardunaldia.

Aspaldian ez bezalako portzentajeak pilatu zituen egun hartan Pablo Lasoren taldeak eta jokalariren batek bere benetako maila erakutsi bazuen, hura Antwain Barbour izan zen. Eskolta estatubatuarrak 23 puntu saskiratu zituen, tartean lau hiruko, denboraldi honetan egindako partidarik borobilenean. Panko, Doblas eta Ignerskik ere asko lagundu zuten. Azken segundoetan abantaila hartu eta eusteko gai izan ziren Lasorenak.A. G.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo