GARA > Idatzia > Kirolak> Bilbao Basket

Urtebetetzea Unicajaren kontura ospatu nahian

p048_f02_666x666.jpg

UNICAJA-BIZKAIA BB

A. G.

«Zorionak zuri, zorionak zuri, zorionak Bizkaia Bilbao Basket, zorionak beti!» Duela hamar urte jaio zen gaur egun ACB Ligan eta Europan lehiatzen ari den taldea. Makina bat gorabehera bizi izan ditu denbora guzti honetan -382 neurketa ofizial, 14 nazionalitatetako 84 jokalari, 6 entrenatzaile eta 2 presidente, eta hasierako 300 bazkideetatik 8.200 izatera- eta neurri batean, onena iristeko dagoela esan liteke.

Baina hamargarren urtebetetzea ospatzeko leku txarrera joatea egokitu zaio Fotis Katsikarisen taldeari. Malagan, Unicaja arriskutsua izango du aurkari. Aito Garcia Renesesek zuzenduriko jokalariak oso denboraldi irregularra ari dira izaten: ez ziren Koparako sailkatu eta Euroligako final-laurdenetatik at geratu berri dira. Bestalde, badirudi ari direla ligako ibilera okerra zuzentzen. Uneotan, Aitoren mutilak sailkapeneko seigarren postuan dira, 12 garaipen eta 11 porrot pilatu ostean. Kostatuko zaie bilbotarrei Unicajaren kontura urtebetetze festarik egitea.

Bizkaitarrak ere denboraldiko boladarik onenean daude, ordea. Ligako azken hiru partidak, Manresa, Real Madril eta Lagun Aroren aurka, irabazita, jaitsierako tokiak atzean laga dituzte Katsikarisenek, eta Eurocup-eko final-laurdenetarako sailkapena patrikan dute. Hori gutxi balitz bezala, esan behar Bilbao Basketek lan ona egin duela Malagan, birritan irabaztea ere lortu baitu.

Unicajaren fisikoa

Bizkaia Bilbao Basketeko teknikariaren iritziz, Unicajaren arriskurik handiena «beren gaitasun fisikoan» datza. «Norgehiagoka askotako nondik norakoa erabat aldatzen du beren presio latzak, aurkariek huts egitea lortzeraino».

«Gure defentsa egokitu aurretik saskiratzen saiatuko dira», gaineratu zuen Katsikarisek. «Beren trantsizio zein kontraerasoak geratzeko gai izan behar dugu. Horretarako une oro kontzentraturik egon beharko dugu».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo