GARA > Idatzia > Euskal Herria

Kronika | Gazte eguna makean

Borrokak batuz eta nazio eraikuntza ikur, aitzina egin du euskal gazteriak

Eguzkia itzaltzen ari zelarik, berrehun bat gaztek ibilaldi bereziari ekin zioten, atzo, Makean. frontoi estalitik plazarainoko bidean, txistu eta gaiten doinupean, Euskal Herrian daudela eta euskal herritarrak izan nahi dutela oihukatu zioten Parisi.

p018_f01_199x120.jpg

Arantxa MANTEROLA

Bizkarrean Lorentxa Gimon eta Xan Beyrie presoen argazkiez atonduta, Kanboko ziganteek ixten zuten martxa. Bidean, zuzi batzuen argiak eta petardoen zartadek gazteen arreta zelai baterantz zuzendu zuten. Lauzpabost lagunek Jon Anzaren argazki erraldoia begietaratzen zieten eta berehala «Herriak ez du barkatuko» eta militante desagertuaren aldeko oihu eta leloak entzun ziren. Plazara iritsita, ekintza sinboliko batez, Estatu frantsesari argi utzi zioten mezua: «Hau, Euskal Herria da».

Eguna goizean goiz hasi zen. Ipar Euskal Herriko dozenaka gazte antolatuekin urritik hona egindako topaketetan ateratako ondorioak eta egungo egoeraz Segik egiten duen diagnostikoaz eztabaidatu zuten, serio-serio, berrogeita hamar bat gaztek. Parisen «errepresio eta ukazioak» gazteria ere alor askotarik jotzen duela egiaztatu eta egoera horri aurre egiteko moduak ere jorratu zituzten.

Jarraian, Xabi Larralde eta Gabi Mouescak mugimendu abertzaleak datozen urteotan dituen erronkak azaldu zituzten. Bazkaria eta lehen kontzertu batekin, iluntzea heldu zen, eta plazarainoko joan-etorri erre- bindikatiboa egin ostean, ekitaldi politikoari ekin zioten.

Helburuak argudiatuz

Hitza hartzeaz batera, garbi utzi zuten «xede jakinarekin» bildu zirela, hots, «Euskal Herri sozialista eta batua erdiesteko, hamaika moldez borrokatzeko» duten borondatea agertzeko.

Azaldu ez ezik, argudioak ere eman zituzten. «Euskal Herriaren ukazioak» hainbat arazo larri eragiten dituela nabarmenduta, Estatu frantsesak «bi beso zapaltzaile -kapitalismoa eta herri ukapena-» dituela gaineratu zuten. Molde ezberdinez, bi estatuak «Euskal Herria desagerrarazten eta euskaldunak frantses ala espainol bilakarazten» saiatu direla salatu zuten.

Alta, atzoko ekimenak berak, «helburua ez dutela lortu» frogatzen duela ziurtatu zuten, galdera sorta zuzenak pausatu aitzin, eskolan «ezkutatzen» dutenaz historia irakasterakoan, askatasunaren izenean «urratzen» dituzten oinarrizko eskubideez edota euskal kulturaren «folklorizazio eta salmentari» buruz, besteren artean.

Indarrean dagoen sistema kapitalista ere izan zuten hizpide beren mezuan eredu horrek dituen helburuak aipatuz, hala nola: «prekarietatean mantenduz, gizarte sumitua erdiestea»; «oparotasuna kontsumismoarekin» nahastuz, gero eta gehiago kontsumitzera bultzatzea; elkartasunaren ordez, lehiakortasuna sustatuz, gizarte indibidualista lortzea.

Horiek horrela, gazteriaren geroa «jauntto bakar batzuen eskuetan» utzita, gazteek ez dutela etorkizunik esan zuten. Halere, «laino itogarri» horretatik ateratzeko modua, berriz, aurreko belaunaldiek erakutsitako bidetik doala agertu zuten: «Nazio eraikuntza da arma eraginkorrenetarikoa ametsetatik errealitatera heltzeko»

Gazte Egunaren xedea borroka guztien egunaren isla izatea zela gogora ekarri zuten, eta arlo ezberdinetan ari diren gazteak -dela ikastetxeetan, gaztetxeetan, dela lurraren eta etxebizitzaren espekulazioaren aurka edota herria «desitxuratzen» duten proiektu erraldoien kontra, dela laborantza edo arrantza iraunkorra sustatuz eta folklorismoaren aurrean kultura alternatiboa eraikiz...- txalotu zituzten.

Presoak gogoan

Ekitaldia amaitu aitzin, bi mezu zehatz eman zituzten. Alde batetik, «besarkada beroena» igorri zieten «Estatu frantseseko eta espainoleko espetxeetan borrokatzen ari diren preso politiko guztiei», eta bereziki, iazko ekainean espetxeratu zituzten Segiko lau kideei. «Euskal Herrian libre bizi ez diren guztiak» ere agurtu zituzten.

Bestetik, martxoren 14an, EHBaik bultzatzen duen «protesta boza» ematera dei egin zuten, «herri bat garela erakusteko».

Eguna festa giroan bukatzeko, La Rumeur, Gatibu eta Ekintza taldeen kontzertuek hartu zuten txanda, betiere, «aitzinekoek hasitako bideari ekinez, gazteria ezkertiar eta abertzaleak» lanean segituko duela berretsita.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo