GARA > Idatzia > Kultura

Urduritasuna eta hanka-sartzeak Oscar sarien galaren bezperan

82. edizioko gala hasteko ordu batzuk baino falta ez direnean, tentsioa eta urduritasuna dira nagusi Hollywood inguruan. James Cameron eta Kathryn Bigelow zuzendarien artean piztutako lehia, bederatzina izendapenekin, baimendutakoaz harago joan da gainera. «The hurt locker» filmeko ekoizlearen hanka-sartze bategatik, pelikula lehiatik kanpo uzteko arriskuan egon da. Dena dela, ez dirudi horrelako neurririk hartuko dutenik.

p054_f01_203x124.jpg

GARA | LOS ANGELES

Bikotekide izandako bi zuzendarik izendapen kopuru berdina izatea ikusmina eta morboa pizteko nahikoa izan ez-eta, Nicolas Chartier «The hurt locker» pelikulako ekoizleak zalaparta areagotu du Oscar sarien atarian.

Posta elektronikoz bidalitako mezu batean, Chartier frantziarrak, Voltaje ekoizpen-etxe amerikarreko zuzendarietako batek, filmak bozkatzen dituztenak «pelikula independente» baten aldeko apustua egitera animatu zituen, «500 milioi dolarreko kostua izan duen film baten aurrean». Ez dago zalantzarik ekoizlea James Cameronen «Avatar» filmari buruz ari dela, zuzenean aipatu gabe bada ere, eta horrek hautsak harrotu ditu Hollywood inguruan. Izan ere, sariketaren antolatzaileek erabat debekatzen dituzte hautagaien arteko kanpaina erasokorrak.

Oskar sarien banaketa zeremonia 1929tik antolatzen duen Akademiak ukatu egin ditu adierazpenok, baina Chartierrek barkamena eskatu zuen. Bere mezua «desegoki eta tentela» izan zela esan zuen. «Nire ergelkeriak eta ezjakintasunak ez du nire jarrera justifikatzen eta benetan sentitzen dut egindakoa».

Akademiako kideek ez zuten zehaztu hartuko dituzten neurriak pelikularen ala ekoizlearen aurkakoak izango diren. Adituen esanetan, «The hurt locker» lehiaketatik kanpo uzteraino irits zitekeen zigorra. Hala ere, dagoeneko inork ez du uste aukera hori gauzatuko denik, are gutxiago kiniela gehienek Bigelow-en lanaren aldeko apustua egiten dutenean.

David eta Goliaten arteko borroka dela esanez definitu dute bi film hauen artekoa. «Avatar», historian egin den pelikula garestiena, aretoetan jaun eta jabe bilakatu da. James Cameronen apustuak, lehendik «Titanic» filmarekin zeukan marka gainditu du. 2.000 milioi dolarretik gora bildu du dagoeneko. Kritika onak jaso ditu adituen aldetik eta Urrezko Globoa ere jaso du pelikula onenaren kategorian.

«The hurt locker», berriz, baliabide ekonomiko gutxirekin egindako drama belikoa da, Irakeko gerran bonbak desaktibatzen dituen talde bati buruzkoa. Tentsioa eta suspensea bikain erabili ditu Bigelowk eta ez du efektu berezien behar gehiegirik izan istorioa kontatzeko. Gainera, sekulako sorpresa eman zuen ekoizle eta zuzendarien sindikatuak ematen dituzten sarietan, baita AEBetako BFCA kritikarien elkarte garrantzitsuenak emandakoetan ere, «Avatar» bera gaindituz.

Bi film hauek beste zortzi izango dituzte, ordea, pelikula onenaren estatua lortzeko lehian: «The blind side», «District 9», «An education», «Inglorious basterds», «Precious», «A serious man», «Up in the air» eta «Up». Hirurogei urte baino gehiago dira kategoria honetan bost hautagai baino ez zirela, baina aurten berriro ere aukera zabaltzea erabaki dute antolatzaileek.

Gazteak erakartzeko, umorea

Tentsioak eta lehiak albo batera utzi gabe, umorea izango da nagusi gaur gaueko ekitaldian. Eguraldi iragarpenek euria iragarri badute ere, galako ekoizleek «umore zaparrada» izango dela diote. Adam Shankman eta Tom Mechanic ekoizleek eman zituzten xehetasunak. «Hasiera ikusgarria izango du zeremoniak eta inoiz sortu den irekierarik dinamikoena egingo dugu», esan zuten.

Aurtengo edizioak publiko gaztea erakartzea du helburuetako bat eta, bide batez, audientzia indizeak igotzea. «Gala diseinatzerako orduan, ez dugu gure audientzia tradizionala galdu nahi, gazteak berriro gonbidatu baizik», esan zuen Mechanicek eta «25 urtetik beherakoek inork baino gehiago» disfrutatuko dutela zehaztu zuen.

Pelikula onenaren hautagaiak hamarrera igotzea ere ildo horretatik doan estrategia moduan ikusi dute askok, ikusleen gustuak zabaldu eta lehentasun komertzialagoak dituen audientzia unibertsalago batera heltzeko. Izan ere, 1998an, «Titanic» pelikulak hamaika Oscar irabazi zituen urtean, 55 milioi ikuslek jarraitu zuten sari banaketa. 2008an, berriz, «No country for old men» pelikula independienteak sari nagusia jaso zuenean, 32 milioik baino ez zuten ikusi zuzenean.

Galaren aurkezleak Steve Martin -hirugarren aldiz egingo du 2001 eta 2003an egin ostean- eta Alec Baldwin izango dira. 1928tik, Hollywoodeko Akademiak ez zuen bikote baten aldeko apusturik egin lan honetarako. 1987an hiru izan ziren aurkezleak: Chevy Chase, Goldie Hawn eta Paul Hogan.

Kodak antzokian izango den 82. edizioan, Barbra Streisand, Tom Hanks, Robin Williams, Cameron Diaz, Jennifer Lopez, Sarah Jessica Parker, Demi Moore, Keanu Reeves, Charlize Theron, John Travolta, Robert Downey Jr., Miley Cyrus, Zack Efron, Taylor Lautner, Kristen Stewart, Sean Penn, Quentin Tarantino Penelope Cruz edo Pedro Almodovar ere igoko dira agertokira, besteak beste, sariak banatzera; baliteke, ordea, baten batek jasotzera ere igo behar izatea.

Euskal Herrian 02.00ak direnean hasiko da ekitaldia, Los Angelesen arratsaldeko bostak direnean. Berrehun herrialde ingurutan zuzenean emitituko dute gainera. Estatu espainoleko zenbait katek zuzenean jarraitzeko aukera eskainiko dute. 00.30etik aurrera hasiko dira, alfonbra gorrian gertatzen diren xehetasun guztiak azaltzeko: Canal Plus kateak lehen aldiz gala horren bereizmen handiko emisioa egingo du. RTVEren Canal 24 horas kateak ere programazio berezia eskainiko du telebistaz eta Internet zein irratiz ere zuzenean emitituko dute.

ZIGORRAK

Akademiako kideek ez zuten zehaztu hartu beharrko neurriak pelikularen edo ekoizlearen aurka hartuko dituzten. Hala ere, inork ez du sinesten «The hurt locker» lehiaketatik kanpo utziko dutenik.

ESTRATEGIAK

Pelikula onenaren hautagaiak hamar izateraino gehitzea audientzia handiagoa izateko estrategiatzat hartu dute adituek, ikusleria unibertsalago batera heltzeko.

«Precious» triunfa en los premios Spirit Awards

El drama «Precious» hizo pleno en la 25 edición de los premios Spirit Awards del cine independiente y se alzó con los cinco galardones a los que aspiraba, incluido el de mejor película. El filme también se llevó las estatuillas al mejor director (Lee Daniels), mejor actriz (Gabourey Sidibe), mejor actriz de reparto (Mo'Nique) y mejor guión novel (Geoffrey Fletcher). Jeff Bridges, principal favorito para llevarse el Óscar al mejor actor, ganó en esa categoría por su papel en «Corazón rebelde», mientras que Woody Harrelson se llevaba el gato al agua como mejor actor de reparto por «The Messenger». Para la gala de los premios de la Academia, Harrelson se las tendrá que ver en esta categoría con Christoph Waltz, el favorito en todas las quinielas por «Malditos bastardos».

«Corazón rebelde» también se llevó la estatuilla a la mejor película de un director novel, Scott Cooper. La cinta británica «An Education», de Lone Scherfig, candidata al Óscar a la mejor película, fue galardonada con el premio a la mejor película extranjera. Por su parte los hermanos Coen y su «Un tipo serio»consiguieron el premio Robert Altman (entregado al director, el director de casting y al reparto del filme) y el de mejor fotografía, obra de Roger Deakins.GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo