GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

TOP 14

Biarritzek gero eta zailago du final-laurdenetara iristea

TOULON 21

BIARRITZ  20

J.L.

Biarritzek defentsako lanari esker puntu bat batu zuen Toulonen, baina ezer gutxi balioko dio, eta Ligako final-laurdenak jokatzeko helburua gero eta zailagoa du. Matematikoki aukerak izango ditu, baina horretarako sailkapenean aurretik dituen guztiek huts egiten jarraitu beharko dute amaierara arte, eta lapurtarrek, berriz, ez daukate huts bat egiterik.

Norgehiagoka oso estua izan zen, bi taldeen arteko oreka ikaragarria izan baitzen. Bi taldeak atzelarien lanarekin hasi ziren, goian presio handia egin baitzuten, eta lehen zatian gehiago asmatu zuen talde euskaldunak, eta 10-12 aurretik zirela joan ziren atseden hartzera.

Bigarren zatian ere gauzak ez ziren batere aldatu, eta lehen berrogei minutuetan bezalaxe jarraitu zuten. Biek behar zuten garaipena, biek helburu bera baitute, Ligako final-laurdenetan sartzea, baina bigarren zati honetan etxekoek gehiago asmatu zuten, eta horri esker, eta neurketa amaitzeko hiru minutu falta zirenean transformatutako entsegu bati esker lortu zuten garaipena. Oriolik entsegua lortu zuen, eta 19-20koa jarri zuten markagailuan hiru minuturen faltan. Ondorengo transformazioarekin ez zuen hutsik egin Contepomik.

Jokaldi hori heldu zenean, gainera euskaldunak bat gutxiagorekin ari ziren, hamar minuturako kaleratuta baitzegoen Terrain.

Denak ez ziren berri txarrak izan, tartean onak ere izan baitziren; izan ere, Dimitri Yachvili berriro ere zelaian izan zen bere lesioa gainditu ostean, eta euskaldunen jaurtitzailearen lana garrantzitsua izan zen, bera izan baitzen Biarritzen jokalaririk onena, baita puntugilerik onena ere. Berak bakarrik, entsegu bat, bi transformazio eta bi zigor-kolpe lortu zituen. Hemendik eta Liga amaitu arte, eta azkenaldiko lesioek bakean uzten badute, jokalari garrantzitsua izango da, Heineken Kopako final-laurdenak ere jadanik gertu baitira.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo