GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Ixabel Etxeberria Irakaslea

Lan bateratua emaitzen lortzeko

Independentisten sarea hedatzeko garaia da, horretan ahaleginduko gara eta agian herritar asko hurbilduko dira. Batzuek errepikatuko digute alderdien interesak daudela gibelean. Herriaren interesak direla nagusienak erantzunen diegu eta hori inporta zaigula, horretara bildu garela eraso ideologikoa eta estatuen ahalegina handia delarik

Independentistak martxan gara. Zazpi herrialdeetako independentistak biltzea erabaki dugu eta une honetan indarrak batzea, norbera elgarretaratzera hurbiltzea da helburu nagusia. Biltzen gara proiektu bati begira, alegia, gure herriari babesa emateko eta gure geroaren erabakitzeko.

Noski, lanean ari diren askok eta gertakariak begiratzen dituzten beste askok hauteskundeak dituzte gogoan. Hauteskundeek gauza asko erabakitzen eta norabideak finkatzen dituztelako. Baina gurean hauteskundeak ez dira helburua, gurean mamia herriaren barnean loturak finkatzea da. Gure indarraz, gure nahiaz, gure herriaren koadro instituzional berria eskaintzea dugu xede. Hau hauteskundeen gainetik pasatzen da, hiru administrazioetan hauteskundeen erritmoa desberdina baita. Hiru administrazioek zehazten digute erritmoa eta horren araberan hautatzen ditugu hautetsiak. Baina hauteskunde horiek ez dira gure herriaren erritmotik markatzen, ez digute elkarrekin aitzina joateko biderik erakusten. Estatu desberdinek erabakitako kudeaketa erritmoa inposatzen digute. Gure erritmo bateragarria atzeman behar dugu. Une honetan hemen eskualdeetako hauteskundeak ditugu eta hauteskunde horiek ez diote gure errealitateari erantzunik eskaintzen, alderdi nagusien interesei begira egoten gara, inpotentzia izugarria sentituz, hauteskunde horiek ez baitigute inongo ahalik ematen. Hauteskunde sistema alderdi handienen alde egina baita.

Independentisten sarea hedatzeko garaia da, horretan ahaleginduko gara eta agian herritar asko hurbilduko dira. Batzuek errepikatuko digute alderdien interesak daudela gibelean. Herriaren interesak direla nagusienak erantzunen diegu eta hori inporta zaigula, horretara bildu garela eraso ideologikoa eta estatuen ahalegina handia delarik. Herritar askok asko eskaini dute borroka horretan interes partikularrak alde batera utziz; hau da gure eredua, hau da proposatzen duguna. Denon gaitasunak, denon konpetentziak, denon ahaleginak balio dute horretan eta, dudarik gabe, irudimenak toki handia izanen du bide luzea baita oraindik, irabazteko bidea, garenarekiko errespetua lortzeko bidea.

Kanpaina honetan alderdiek ez dute Jon Anzaren kasua aipatzen. Abertzaleak ez balira, Jonen desagerpena ezabatua litzateke. Demokrazia omen da hemen, demokrazia baina batzuek pertsonak desagerrarazteko baimena dute. Hau Barne ministroaren lurretan, Justizia ministroaren lurretan. Hemendik hilabetera manifestaldia iraganen da Donibane Lohitzunen, Justizia ministroaren herrian. Ez du salaketa entzunen, baina ahantziko ez dugula eta erantzuna lortu arte galdera eginen dela jakingo du. Hau baita oraindik egoera, herritarrek hautatzen dituzten hautetsiek, gehienetan azkarrenen alde egiten dutela eta herri honen nortasuna ukatzen dutela. Badugu lana!

Ahaleginak egiten dituzte errealitate hori gordetzeko, aste honetan Baionako auzapezaren ariketa nahiko zinikoa izan da. Urteetan ez du euskararen ofizialtasunaren alde deus berezirik egin, baina hauteskunde kanpaina dela, bat- batean hizkuntz gutxituei buruzko legeari interes zerbait aurkitzen dio eta telebistak horren aldeko azalpena egin du. Sudurra luzatu zaio. Egiten dugun lanaren fruitua dudarik gabe, euskaltzaleen eta abertzaleen lanaren fruitua, gizartean euskararen kontrako jarrera ez baita ulertzen jada. Lan bateratuaren emaitza baikorra.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo