Hamargarren urteurreneko oparia, garaipen eder askoa
Unicajak eta bilbotarrek oso partida dotorea jokatu zuten. Katsikarisenek izan zuten ekimena, baina azken orduan bakarrik ireki zuten aldea. Vazquezek 15 puntu lortuz ospatu zuen bere 36. urtebetetzea.
UNICAJA 66
BIZKAIA BILBAO BASKET 77
Arnaitz GORRITI
Tentsioa, saskiratze eder askoak, emozioa, denetarik izan zuen Bilbao Basketek eta Unicajak jokaturiko norgehiagokak. Ezagun da talde biak goranzko bidea hartua dutela azkenaldian eta, hala, oso maila altuko ikuskizuna eskaini zuten. Baina bilbotarrek ez zuten beren hamargarren urteurrena -ezta Paco Vazquezen urtebetetzea ere- garaipenik gabe uztea merezi, eta lan bikain horri esker behar bezala ospatzea lortu zuten bizkaitarrek egun seinalatua.
Katsikarisek defentsa lana azpimarratu ohi du neurketa bakoitzaren aurretik irabazteko gako gisa. Bada, atzo ederki bete zuten bere gizonek greziarraren mandatua. Andaluziarrek beren kalitate guztia eman behar izan zuten puntuak pilatzeko, eta lantzean behin kontraeraso bizi-biziak atera zituzten bizkaitarrek. Erasoan, berriz, hiruko jaurtiketetan oso ederki aritu ziten beltzezko gizonak, Paco vazquez bera batik bat, sei hiruko ahaleginetik bost gauzatu baitzituen. Banicek beste 15 puntu lortu zituen, eta beste kideek ere lan aparta egin zuten.
Ekimena, euskaldunena
Bilbao Basket ACB Ligan denetik ongi moldatu da beti Malagan. Galdu nahiz irabazi, bizkaitarrek gehienetan maila bikaina eman izan dute. Atzo ere halaxe suertatu zen. Andaluziarren defentsa zorrotzak zer egingo zain egon gabe, partidaren bila atera ziren hasiera-hasieratik eta, markagailuari dagokionez, ekimena ia denbora guztian bilbotarrena izan zen, nahiz eta Aito Garcia Renesesen mutilek gertutik jarraitu.
Markagailuan aldea irekitzeko aurreneko saiakera lehenengo laurdenean burutu zuten Katsikarisenek. 7-15 aurreratu ziren, eta Unicajak aldea murriztu bazuen ere, Banic eta Blumsen eskutik 12-19 aldentzea erdietsi zuten azken segundoetan. Andaluziarrek handik aurrera euskaldunak harrapatzeko ahaleginak eta bi egin zituzten, baita tarteka aurretik jartzea lortu ere -30-28 eta 34-33 esaterako-, baina Paco Vazquezek atzo asko zuen esateko, eta behinola ezagun egin zuen eskumuturra oraindik badabilela erakutsi zuen, atsedenaldira partida 34-36 eramanez.
Hirugarren laurdenean Vazquezen bolada onari Mumbruren punteria eta Salgado eta Rodriguezen jokoa banatzeko abilezia gehitu zitzaizkion. Paradoxa badirudi ere, 2-3 zonakako defentsaz erantzun zuen Unicajak, eta baita asmatu ere; murriztu egin zen bizkaitarren iturria eta partida berdinduta zen ostera ere. 55-58 azken laurdenaren hasieran.
Bizkaitarren barruko jokalariek apurtu zuten neurketa. Katsikarisek beren ekarpena eskatu zuen astean zehar eta hauek bai ederki erantzun ere! Moisok eta Banicek gidatuta, 0-12ko partziala lortu zuten beltzezkoek, 59-61etik 59-73ra eramanez. Unicajako antolatzaileek patxada galdu zuten eta handik lortu zuten merezitako garaipena.
Gutxi ziren baina zaratatsuak, Martin Carpena kirol jauregian bilduriko 8.000 ikusleen artean nabarmen entzuten baitziren Marko Banic «piñako» kideen oihuak. Jokalariek behar bezala erantzun zieten azkenean.
Asko aldatu da Bizkaia Bilbao Basketen egoera azken hilabetean. Lau partida jarraian irabazteak jaitsierako zulo beltzetik urruntzen hastea ekarri du eta, era berean, titulurako play offetara begira jartzen hastea. Bizkaitarrek bederatzigarren garaipena eskuratu zuten atzo; egia da jaitsiera bi garaipenera baino ez dagoela, baina infernurako distantzia berera dago play offen zerua ere eta ez da, beraz, ezinezko helburua.
Erabat berdindurik dago sailkapenaren erdialdea. Uneeoan Kanaria Handia litzateke titulurako kanporaketetan muturra sartuko lukeen azken taldea, 11 garaipen eta 13 porrot pilatuta. Kanariarrekin berdindurik beste hiru talde daude: Valladolid, Manresa eta Joventut. Garaipen bat gutxiagorekin, Granada eta Fuenlabrada leudeke, eta bizkaitarrak, sailkapeneko 14. postuan, 9 partida irabazi ostean.
Hurrengo bi neurketak etxean jokatuko dituzte Katsikarisenek. Datorren asteburuan Murtzia, sailkapeneko azkena, izango da Barakaldon, eta Cajasolek jokatuko du Bizkaia Arenan hilaren 21ean. gauzak asko argituko dira ordurako.A. G.